Historiako pasarteak
Historiako pasarteak
Arrasaten garatu diren arkeologia ikerketek erakutsi dute gure herrian aztarnategi aberatsak daudela. Aipagarriena Lezetxiki dugu, Erdi Paleolito garaikoa. Bertan aurkitu zen emakume baten besondoa, Euskal Herrian aurkitu den giza aztarnarik zaharrena. Azpimarratzekoa da ere Labeko Koba, Goi Paleolito garaikoa.
Horiez gain, beste aztarnategi batzuk daude, garrantzi txikiagokoak, hala nola Oterreta, Lezetxe edo Kobatxo.
Erdi Aroa
Arrasate Gaztelako erresumaren menpe geratu zen 1200. urtean, Nafar erreinuaren mendebaldeko lurraldeak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ) konkistatu izanaren ondorioz. Europa osoan bezalatsu, Gaztelako erregeek ere hiribilduak sortu zituzten, itsasorainoko merkataritza bideak ziurtatzeko. Aldi berean, oraindik Nafar erreinu independentearekin zuen muga zaintzeko eta bandokideen eraginari aurre egiteko.
Mondragon sortzeko, Alfontso X Jakitunak Hiri Gutuna eman zuen 1260ko maiatzaren 15ean, Jaénen, San Esteban del Puerto herrian. Dokumentu horren arabera (nafar erregeek sortutakoa), Vitoriako Forua eman zion Arrasate (edo Arressate) herriari, eta jatorrizko izena aldatu. Mondragon izena jarri zion, eta Arrasate bereizi egin zen Leintz bailaratik.
1353 urtean Udala, Uribarri, Garagartza, eta Gesalibar elizateak ere hiribilduarekin batu ziren, eta, azkenik, 1966 urtean, Bedoña auzoa ere Arrasateri atxiki zitzaion, egungo lurraldea osatzeko.
Borrokaldiek, Ahaide Nagusien artean, batetik, eta haien eta hiribilduen artean, bestetik, isla izan zuten Mondragoen, eta horrela, (Guraia oinaztarren eta Bañez ganboatarren arteko liskarren ondorioz) hiribilduan sute handia izan zen 1448ko ekainaren 23an; Arrasateko sutea. 1450ean, Zalgibarko Gebaratarren dorretxea eraitsi zuten arrasatearrek; 1451n, haien lurrak erosi; 1457an, Arlaban-Arrasate-Oñati-Legazpi-Beasain errepidea eraiki eta Goikobaluko gaztelua eraitsi; 1463an, Arrasateko Hermandadeko Juntetan, Gipuzkoako Ordenantzak (Cuaderno Nuevo); 1464an, Martin Bañez hil; 1480an, Errege Katolikoek inposatu zuten korrejidorea bertan egotea etenik gabe. 1490ean, Bañez eta Guraiarren bandoak ezeztatu zituzten, eta 1497an Leintz sartzen da Gipuzkoako Hermandadean.
Arestian aipatu dugun gerra gorabeheren ostean, hurrengo mendeetan nagusi izan ziren bakea eta aberastasun ekonomikoa. Ahaide Nagusien ordez hiri tramako oligarkia agertu zen. Haien aberastasuna geroago eta gehiago zentratu zen ugazabaren lanean.
Aro Modernoa
XVI. eta XVII. mendeetan, herria aberastu egin zen oso, burdingintzari esker. Armagintzak garrantzi handia hartu zuen, Udalatxeko burdin meaz hornitzen zen burdinoletan “masukeretan” egindako altzairuzko (“raya”) ezpatez. Herriko altzairua oso ezaguna izan zen nazioartean.
Izen handiko pertsonaiak agertu ziren mende horietan: Garibai, Barrutia, Okendotarrak eta beste hainbat. Hiri garapena izan zen, eta eraikin esanguratsuak egin zituzten, Udaletxea, San Frantzisko eliza, Monterron jauregia, Bañez Artazubiaga jauregia, Andikano Zelaa jauregia eta Okendo jauregia.
XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mende hasieran isla izan zuten Espainia eta Frantzia estatuen arteko gerrateek, konbentzio gerraren ondorioz. Mondragoen eratu zen "Diputación a Guerra", Gipuzkoako herri libreei deialdia zabaldu eta gero.
Aro Garaikidea
Baina XIX. mendean gerra garrantzitsuak karlistadak izan ziren, 1. gerra (1833-1837) eta 2. gerra (1865-1876); haien ondorioz Foruak galdu ziren 1876. urtean.
XIX. mendearen bukaeran garrantzi handiko beste gertaera historiko baten lekuko izan zen Mondragoe, Antonio Canovas del Castillo (Espainiako gobernuburua) Gesalibarko bainuetxean hil zuen Angiolillo anarkistak, 1897ko abuztuaren 8an.
XX. mendearen hasieran (1902an), Biteri Eskolak, Pedro Viteri Aranak bultzatuta, laikoa eta doakoa, bere ibilbidea hasi zuen Arrasaten, eta Gipuzkoako bederatzi herritan ikastetxe bana eraiki zituen. Biteri eskoletako irakasle bik, Felix Arano eta Teresa Garcia, oso lan berritzailea egin zuten, irakaskuntza metodologia berezia erabiltzeagatik.
XX. mendea industria garapenak markatu zuen. Emigrazioaren eraginez, biztanleriaren beste eraketa berri bat sortu zen, asko hazi zen eta.
Mende hasieran ekimen pribatuko garapen industriala izan zen, haren ordezkari esanguratsuenak, batetik, "Unión Cerrajera" (1906 urtean), "Vergarajauregui, Resusta y Cia" (1869) eta "Cerrajera Guipuzcoana" batzetik sortu zena, eta, bestetik, ELMA, lanerako biztanleriaren gehiena batzen zuena, garrantzi txikiagoa zuten beste enpresa batzuekin batera.
1919ko irailaren 3an “Vasco Navarro” izeneko trena iritsi zen Arrasatera, eta zerbitzua eman zuen 1967ko abenduaren 31 arte.
1934ko urriaren 5ean langile mugimenduak bultzatuta, Arrasaten “urriko iraultza” deritzana eman zen. Geroago, altxamendu bat izan zen Espainian eta Euskal Herrian, ezarritako Errepublika gobernuaren aurka, eta horrek ekarri zuen Gerra Zibila (1936-1939). Horrek guztiak ondorio latzak eragin zituen Arrasaten: fusilamenduak, espetxeratuak, erbesteratuak eta errepresioa.
1936/39ko Gerra gainditu eta gero, Arrasate kooperatibismoaren garapenari lotu zitzaion, bereziki. 1943ko urriaren 10ean Jose Maria Arizmendiarrietak Union Cerrajerako Lanbide Eskola sortu zuen 20 ikaslerekin; gero, 1956an, bertan hazitako ikasle ohi batzuek ULGOR kooperatiba sortu zuten. ULGOR Koop.E. sortu zenetik, gaurko egunean kooperatibismoak biltzen ditu hainbat aspektu, lotutakoak produkzio industrialei ez ezik diru etxeei, aurreikuspen sozialei eta irakaskuntzari.
Kooperatibekin batera XX. mendearen bigarren erdian, beste enpresa batzuk kontsolidatu ziren sarrailagintza arloan, IFAM, JMA, eta ekipamenduetan Roneo, bere garaian arlo industrialean esanguratsuak.
XX. mendean, garapen ekonomiko horren ondorioz, hiri fisonomia aldatu egin zaio Arrasateri; horrela, San Andres, Musakola, edo Uribarri baserri auzoak hiriko eremuan sartu dira; biztanleriak nabarmen igo zuen 1985ean 26.633 biztanle izateraino.
Bultzada handia eman zaie kultura eta kirol ekipamenduei; Musakola eta Iturripeko kiroldegiak, Mojategiko kirolgunea, Uarkape pilotalekua, Monterron jauregia, Amaia antzokia, Kulturate eta abar.
Azpimarratzekoa da 1988tik aurrera Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen eraginez euskarari emandako bultzada; tokiko euskarazko hedabideek (sorreran Arrasate Press eta Arrasate TB) bereganatu duten erreferentzialtasuna, gaur egungo Goiena TB eta Goienkaria bilakatzeko.
XXI. mendean, Arrasatek bere industria sendotu behar izan du, merkataritza globalizatu batean bizirauteko. Fabrika batzuk desagertu dira eta beste zentro batzuk sortu, ikerkuntza sustatzeko; adibidez, Garaia Berrikuntza Gunea sortu zen.
XXI. mendearen hasieran, aldiz, nagusitzen ari da egonkortasunerako joera, garapenaren ikuspegitik, eta areagotu da zerbitzu publikoen garrantzia.