Juan Carlos Guerraren funts dokumentala
Juan Carlos Guerraren funts dokumentala
- Biografia aipamena
- Historia artxibistikoa
- Edukiaren azalpena
- Kontsulta
- Bere argitalpenak Arrasateko bibliotekako bilduman
Juan Carlos Guerra Barrena (1860-1941), bere aitorpenaren arabera, 1860ko abenduaren 27an jaio zen Donostian (Gipuzkoa). Donostiako Elizbarrutiko bataio erregistroan, Juan Carlos Ignacio Maria Guerra Barrena-ren izenpean, jaioteguna abenduaren 28an aitortzen da. 1941eko urriaren 4an Arrasateko (Gipuzkoa) "Gerraenea" bere etxean zendu zen.
Zuzenbidean lizentziaduna Madrilgo Universidad Central delakoan 1883an, hurrengo urtetik aurrera bizilekua zuen Arrasaten abokatutza izan zuen lanbide. Gaztetatik historia izan zuen ikergai, bereziki genealogia eta heraldika. Gregorio Muxikak Euzkadi egunkarian 1918ko urtarrilaren 18an egindako elkarrizketan aitortzen duen bezala Isidoro Bengoetxeak, donostiar apaizak, oparitutako Esteban Paluzieren Blasones españoles y apuntes históricos de las cuarenta y nueve capitales de provincia liburuak piztu zion diziplina hauenganako kuriositatea eta Madrilen ikasten ari zela lagunen eskariei erantzuteko hasi zen Espainiako Real Academia de la Historia eta Biblioteca Nacional delakoetan heraldika arakatzen.
Lehen emaitza garrantzitsua Euskal Erria aldizkarian argitaratutako Diccionario heráldico de la nobleza guipuzcoana izan zen, non Gipuzkoako bostehundik gora armarri eman zituen. Honegatik eta aldizkari berean argitaratutako Euskaldunes ilustres biografia artikuluengatik izendatu zuten 1887an Real Academia de la Historiako kide.
Ekarpen handiena gaztelaniaz egin bazuen ere, euskaraz ere idatzi zuen, horren lekuko dira Euskal Erria aldizkarian argitaratutako hainbat olerki eta 1890eko Donostiako Lore Jokoetan saritutako Ama Birjiña Aranzazu-koaren kondaira eta Euskal Esnalearen 1922ko hirugarren hitzaldietan eman zuen hitzaldia "Gure olerki zar-zarrak". Euskal Erria, Euskalerriaren Alde, RIEV, Revista de Historia y Genealogia Española, Aranzazu eta La Vasconia aldizkariak, El Noticiero Bilbaino eta Euzkadi egunkariek, besteak beste, bere ikerketen emaitzak jaso zituzten.
Eskualzaleen Biltzarreko kide hasieratik, Donostian 1904an ospatutako "Fiestas de la Tradición del Pueblo Vasco"etan eman zuen lehenengo hitzaldia "La heráldica entre los euskaldunes" izenburupean. Lan honetan oinarrituta 1910ean argitaratu zuen Estudios de heráldica vasca eta 1911n Francesc Carreras i Candik zuzendutako Geografía General del País Vasco-Navarro delakorako "Armorial de linajes conocidos en el solar euskaro" kapitulua.
Genealogia eta historia hartu zituen hurrengo urteetan ikergai eta Esteban Garibairen Ilustraciones genealógicos de linajes bascongados, Lope Gartzia Salazar-en Crónica de siete casas de Vizcaya y Castilla eta Francisco Mendietaren Quarta parte de los Annales de Vizcayaren edizioak argitaratu zituen eta Eusko Ikaskuntzak 1918an antolatutako I. Biltzarrean Historia sailean "Lecciones de Genealogia y Heráldica" txostena irakurri zuen. Gaiaren inguruko argitalpen aipagarriak ondokoak dira: Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa : según el orden de sus familias pobladoras, 1928an, Oñacinos y gamboinos : rol de banderizos vascos, con la mención de las familias pobladoras de Bilbao en los siglos XIV y XV, 1930ean, Ilustraciones genealógicas de Garibay referentes a solares vascos, 1933an.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazlea izendatu zuen urte berean, 1924an, euskararen historia eta herri literatura iturrietan sakondu zuen kantu epikoen erreferentea den Los cantares antiguos del euskera : viejos textos del idioma liburua argitaratuz. 1941ean erakundea biziberritzeko ahaleginetan Resurrección Maria Azkueren proposamenez euskaltzain oso izendatu zuten. Gogoan izango zuen euskaltzainburuak 1897an J. K. Gerrari esker ezagutu eta argitaratu zuela Pedro Ignacio Barrutiaren Acto para la Nochebuena. Euskaltzaindiak 1973ko ekainaren 21ean Arrasaten bilkura irekian omendu zuen.
Juan Carlos Guerraren heriotzaren ondoren, Ignacio Gerra Palacios-ek, bigarren semeak, eskuratu zuen biblioteka eta artxiboaren zati handiena. Dokumentu bakan batzuk Donostian bizi zen seme gazteenaren, Jose Maria Gerra Palacios-en, etxean gelditu ziren. Funtsak ez zuen zainketa berezirik izan eta jakina da hainbat dokumentu sakabanatu zirela. "Gerraenea" 1973an bota zenean, ondarea Arrasateko Eskola Politeknikoaren esku geratu zen, Jose Maria Arizmendiarrietaren bidez.
Juan Karlos Gerraren biblioteka eta artxiboaren eskaintza 1982ko udan Juan Leibar, zuzendaria zenaren bidez izan zuen Euskaltzaindiak. Azkue Bibliotekan funts osoa mugagabeko lagapenean utzi zen, biblioteka eta artxiboaren zaintza haren esku utziz. 1982ko irail-abendu bitartean Josune Olabarriak, Jose Antonio Arana bibliotekako zuzendariaren ardurapean, Arrasaten ekin zion biblioteka eta artxiboaren lehen inbentarioa erredaktatzeari. 1983ko urtarrilaren 26an Bilboko Erribera kaleko Euskaltzaindiko bibliotekara eraman zen eta 1984ko abendurako artxiboaren antolakuntza eta inbentarioa burutu ziren.
Hurrengo urratsa artxiboa mikrofilmatzea izan zen. 1987ko apirilaren 28an Eskola Politeknikoaren baimenarekin artxiboa osoa eta bibliotekaren zati hautatua, Bergarako Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentrora eraman ziren eta 1988ko maiatzerako lana burututa zegoen. Mikrofilmen kopiak, Irargin, Arrasateko Eskola Politeknikoan eta Arrasateko Udalean utzi ziren. 2005ean mikrofilmak euskarri digitalera pasatu ziren, egun tiff formatuan kontsultagai direlarik Azkue Bibliotekan eta Dokuklik (Badator) datubasean. Arrasateko Udal Bibliotekan artxiboko kopia mikrofilmatuta daukagu.
Funtsak 1403-1941 urte bitarteko dokumentazioa jasotzen du, arlo berezituetan:
Juan Carlos Guerrak sortutako bilduma, bere artxibo pertsonal eta profesionala barne delarik. Gutuneriak osatzen du lehen partea, zeinetan azter daitezkeen, besteak beste, historialariekin izandako harremanak: Estanislao J. Labairu, Arturo Campion, Carmelo eta Bonifazio Etxegarai, Serapio eta Gregorio Muxika, Luis Enrique Azarola, R. Lafuente Machain, Fernando del Valle Lersundi, Francisco R. Uhagon, Jose Adriano Lizarralde, Gregorio Lopez de Bikuña, José de Rujula, edo euskalariekin izandako harremanak: Jose Manterola, Antonio Arzak, Resurreccion Maia Azkue, Edward S. Dodgson, Julio Urkixo, Justo Garate. Abokatu gisa berrogeita hamar urtean (1881-1930 bitartean) izandako ibilbide profesionalean pilatutako gaiak azter daitezke, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat herritarrenak, kronologikoki sailkaturik.
Genealogia eta heraldika ikerketen bidez hainbat iturritatik jaso zuen ondare dokumental historikoa. Antzinatasunaren eta garrantziaren arabera Arrasateko Bañez Artazubiaga ganboatar leinuaren XV-XIX. mendetako dokumentuak, Deba Garaiko eta Gipuzkoako historiaren isla dira. Dokumentu zaharrena 1403koa da, Arrasateko Martin Martinez Urizarkoaren testamentua, Juan Bañez Artazubiagako eskribauaren aurrean egina eta 1823koa da familiaren administrazioko azken dokumentua. Honen osagarri dira Aramaioko Guraia eta Muxika leinuen dokumentu multzoa eta hainbat noblezia auziren agiriak, bat egiten dutelarik Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko historia aztertzeko bidean. Juan Karlos Gerrak argitaratu eta ikertutako lanak eta hainbatentzat egindako genealogia eta heraldika txostenak ere aztertu daitezke.
Argazki bilduma: XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasieran beira-plaketan egindako argazkiak. 280 Arrasate edo bere inguruko pertsonen erretratuak dira, gehienak identifikatuak. Beste hainbesteko multzoa Deba Garaiko toki argazkiak dira.
Euskaltzaindiako Azkue Bibliotekan kontsultatu dezakezu modu presentzialean artxibo digitalizatua. Hala ere, Dokuklik (Badator) online datubasean aurkitu ditzakezu eskuizkribu gehienak digitalizatuta.
OHARRA: Dokuklik (Badator) datubasean bilaketa egiteko, klikatu "Bilatzaile aurreratua" eta aukeratu Artxiboa: Archivo de Euskaltzaindia-Real Academia de la Lengua Vasca eta Funtsa: Archivo de D. Juan Carlos Guerra.
Dokumentuen bilaketa errazteko, ondorengo aurkibideak kontsultatu ditzakezu:
- Gutuneria (Dokuklik) [2797-3633]
- Artxibo profesionala [3634-4118]. Ez dago digitalizatuta.
- Artxibo dokumentala (Dokuklik)[4119-4586].
- Genealogia eta heraldika (Dokuklik)[4587-4782]
- Miszelanea (Dokuklik)[4783-4839]
- Dokumentu pertsonalak eta argazkiak (Dokuklik)[4840-4875]. Argazkien atala [4865] ez dago digitalizatuta.
- Anexo. J. Letona dokumentuak (Dokuklik)
BERE ARGITALPENAK ARRASATEKO BIBLIOTEKAKO BILDUMAN
Arrasateko Udal Bibliotekan Juan Carlos Guerrak idatzitako liburu eta artikulu hauek aurkitu ditzakezu:
- GUERRA, Juan Carlos de. Diccionario heráldico de la nobleza guipuzcoana. Tomo segundo. San Sebastián: Establecimiento Tipográfico de los Hijos de I. R. Baroja, 1888. 79 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. La heráldica entre los euskaldunas: memoria. San Sebastián: Imprenta de la Provincia, 1905. 90 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. Las coplas de San Nicolás. En: Euskalerriaren alde: revista de cultura vasca. Año I, núm.3(1911), p.65-69
- GUERRA, Juan Carlos de. Fruslerías vascas: un juego infantil. En: Euskalerriaren Alde: Revista de Cultura Vasca. Año V, ns. 97 y 98(1915), p. 16-17
- GUERRA, Juan Carlos de. El mayorazgo de Oñate: escritura fundacional del mayorazgo de la villa de Oñate en el años de 1149 de la Encarnación del Señor. En: Euskalerriaren Alde: Revista de Cultura Vasca. Año VIII, núm. 169(1918), p.26-27
- GUERRA, Juan Carlos de. Adiciones al Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa según el orden de sus familias pobladoras. San Sebastián: Imprenta y Encuadernación de Hijos de J. Baroja, 1918. 124 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. Armorial de linajes conocidos en el solar euskaro. En: Geografía general del País Vasco-Navarro, 1918. p. 271-458
- GUERRA, Juan Carlos de. Los cantares antiguos del euskera. San Sebastián: Establecimiento tipográfico de Martín y Mena, 1924. 292 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. Los cantares antiguos del euskera : cantares banderizos, cantares funerarios, cantares anecdóticos, cantares religiosos, cantilenas. En: Euskalerriaren Alde.- Bilbao : La Gran Enciclopedia Vasca.- Año XI, p. 214-219; p. 249-261; p. 289-300; p. 326-337; p. 369-378; p.412-419 y p. 420-421.- Año 12, p. 5-19; p. 64-80; p. 128-139; p. 166-172; p. 208-216; p. 246-249; p. 287-296; p. 369-372; p. 404-410; p. 446-449.- Año 13, p. 9-20; p. 47-56; p. 92-97; p. 130-136; p. 174-182; p. 210-222; p. 249-263; p. 285-294; p. 330-348; p. 374-380; p. 410-430; p. 455-463
- GUERRA, Juan Carlos de. Estudios de heráldica vasca. San Sebastián: Librería Internacional, 1927. 489 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa según el orden de sus familias pobladoras. San Sebastián: Joaquín Muñoz-Baroja, 1928. 689 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. Hidalguías de nuestros archivos. En: Euskalerriaren alde: revista de cultura vasca. Año XIX, p. 7-15: p. 331-336; p. 408-415; p. 472-473
- GUERRA, Juan Carlos de. Memorias documentales por vez primera publicadas en la Revista Internacional de Estudios Vascos. Donostia-San Sebastián: [s.n.], 1935. 28, 27 p.
- GUERRA, Juan Carlos de. Estudios de heráldica vasca. San Sebastián: Larrun, 1982. 356 p.