Arrasate 1890-1940 Mondragón

Arrasate 1890-1940 Mondragón

gonbidapena irudia.pngAlberto Loitik lan handia egin du liburu honekin. Gure herriko historiaren 50 urte ikertu eta deskribatu ditu, eta horretarako milaka ta milaka argazki bildu eta eskaneatu ditu. Garai hartako irudiak eta informazioa lortzea ez da batere erraza, eta bilaketa lan handia egin du artxibo, liburutegi, fototeka eta bilduma partikularretan. Zenbaitetan, ez du eraikin batzuen irudirik lortu, eta berak marraztu ditu, eskuratutako dokumentazio eta planoei jarraiki. Liburuak, bere 15 kapituluetan, herriaren bizitzako aspektu desberdinak jaso ditu: hirigintza, hezkuntza, industria, kultura, aisialdia, etab. eta kapitulu bakoitzaren hasieran azalpen labur baina mamitsuak egin ditu, argazkiei testuingurua emanaz.

Azpimarragarria da sortu duen argazki bildumaren kalitatea. Aspektu honetan meritua garai hartako argazkilariena ere bada, noski: Valeriano Martínez, Mendia eta gainontzeko argazkilariena. Baina Albertok, argazki bilduma hauetako asko, bereziki Valeriano Martinezena, oso kalitate onean digitalizatu ditu. Ondorioz, argazkien xehetasunak primeran ikusten dira eta informazio asko atera daiteke irudi bakoitzetik. Honenbestez, osatu duen argazki bilduma egundoko altxorra da.

Liburu honekin, funtsean, urte haietako Arrasate erretratatzea lortu du Albertok. Garai hura bizi izan zutenentzat esanahi berezia izango du liburu honek, seguru. Baina garai hartako kontuak entzun dutenentzat eta belaunaldi berrientzat ere oso liburu garrantzitsua da, laguntzen dielako aiton-amonen bizimodua irudikatzen eta herriaren historia hobeto ezagutzen.

LEHENENGO KAPITULUA IRAKURRI

BIBLIOTEKAKO KATALOGOAN BILATU