Informazio gehigarria
GUNE BERDEEN MANTENUA ARRASATEN
Arrasaten gune berdeen mantenurako bi enpresa ezberdin azpikontratatu dira, Goroldi eta Ferrovial Cespa.
Goroldi enpresa Monterron eta Santa Barbara parkeen zati handi baten mantenuaz arduratzen da, guztira 17.000m2 zainduaz bi langileren laguntzaz. Ferrovial Cespak, berriz, herrian dauden gainontzeko berdeguneak mantentzen ditu, guztira 342.900m2ren mantenuaz arduratuz, 12 langileren bitartez.
Parke eta lorategietan egiten diren mantentze lan nagusiak ondorengoak dira: belarra moztea, ureztatzea, izkinak txukuntzea, belar txarrak kentzea, zuhaitz eta ezkaien inaustea, …..
GUNE EZBERDINAK, MANTENU EZBERDINA
Herriko gune ezberdinek, zentzuzkoa den bezala, tratamendu edo mantenu lan ezberdinak izaten dituzte kostuagatik; lur sailak dituen mugengatik, gune txikiak izateagatik, maldan egoteagatik edo beste hainbat irizpiderengatik.
Belarra mozteko aldi eta neurrietan edo garbiketen maiztasunean oinarrituko bagina, ondorengo hamar taldetan banatuko genituzke herriko berdeguneak:
- Gune intentsiboa: urtean zehar 15 mozte eta gehienez 10cm-ko belarra.
- Gune normala: urtean zehar 9 mozte eta gehienez 17cm-ko belarra.
- Lorepoteak
- Txorkoetako zuhaitzak: urtean bi garbiketa.
- Bizkorrak: urtean bi garbiketa
- Huntzez estalitako mureteak, edo huntzez edo ezkaiz estalitako guneak: urtean bi garbiketa.
- Zelai guneak: urtean bost mozketa.
- Aparteko guneak: urtean bi mozketa.
- Gainontzeko guneak: mozketa bat urtean.
GUNE BERDEEN FUNTZIONALITATEA
Edozein lorategi edo berdegune sortzean, honen helburu nagusia eta emango zaion erabilera garbi izan behar ditugu. Diseinatzailearen eta lan talde osoaren ardura da, beraz, eman nahi zaion funtzionalitatea lortzea, inguruko baldintza edo mugak kontuan izanik. Gune berdeak, baina, ez dira ingurua edertzeko erabiltzen diren apaingarriak soilik; garrantzitsua da hauek aisialdirako gune bezala ikustea, hauek zapaltzea eta zapaldu ahal diren berdegune gehiagoren sorrera bultzatzea. Honenbestez, berdegune baten sorreran hainbat puntu garrantzitsuri egin behar zaie men, hala nola eman nahi diogun erabilerari, zuhaitz eta landareen aukeraketa egokiari eta honek eskatzen duen mantenuaren maiztasunari.
HIRIKO ZUHAITZAK:
Udalak GIS sistemaren bitartez herrian dauden zuhaitzen inbentario bat garatu du guztira 5.300 zuhaitz zerrendatuz.
Hirian oso paper garrantzitsua dute zuhaitzek, itzala emateaz gain, airea garbitu eta hainbat espezieren bizitoki ere bihurtzen baitira.
Zuhaitz bat landatzeko orduan hainbat gauza izan behar ditugu kontuan, ez du balio edozein zuhaitz edozein leku eta modutan landatzeak. Zuhaitza aukeratzean etorkizunean izango duen forman, beharretan eta hazkuntzan pentsatu behar dugu lehenbizi.
Badakigu hiri gunea ez dela zuhaitz bat modu egokian hazteko leku aproposena, hemen poluzioa, gazitasuna, erasoak edo hazkuntzarako zein sustraientzako leku falta asko izaten baitira.
Zuhaitz bat leku desegokian landatuz gero, urteetan zehar inauste lan gogor eta jarraituak egitera beharturik izango gara. Gainera, horrelakoek konponbide zaila izaten dute beti: inausteari uztea, inausten jarraitzea edo zuhaitza aldatzea.
Hemengo zuhaitzen landaketari ere garrantzi handia eman behar zaio, hauek baitira gure klima eta ingurura hobekien egokitzeaz gain, behar eta lan gutxien emango dituzten zuhaitzak. Gainera, paisaia natural ezagun bat gogorarazten dutenez herritarrak identifikatuago sentitzen dira hauekin, inguruarei bertakotasun izaera bat ematen diotelako.
Bestalde, garrantzitsua da hiriko zuhaitzen inguruko jarraipen bat egitea zer zuhaitz mota landatu behar diren adostuz, hauek eman dituzten arazoak artxibatuz, zuhaitz “arriskutsuen” jarraipena eginez, erori edo hildakoen datuak pilatuz…
Interesgarria izan daiteke zuhaitz bakoitza modu egokian seinalatzea herritarrek hauek ezagutu eta zuhaitzenganako gertutasun handiagoa sentitzeko.
INAUSKETAK:
Inausketa da, zalantza barik, herriko berdeguneetan egiten den lan astun eta handiena. Urteroko inauste gogorrek (adibidez platanondo faltsuen kasuan) mantenu kostu handia izateaz gain, kostu ekonomiko handia ere suposatzen dute, izan ere, zuhaitz hauek inausteko langile asko behar izaten dira denbora luzez. Kontuan izan behar dugun beste faktore bat da naturan ez dela ia inausketarik ematen, hauek ekaitzaldi gogorrenetan edo animalien elikatze ohituren ondorioz azpiko adarretan besterik ez da gertatzen.
Horregatik, alferrikako inausketak alde batera utzi eta zuhaitz eta ezkaien forma naturalak errespetatu beharko genituzke horretarako espezie eta landare egokiak aukeratuz.
Segurtasun mailari dagokionez, urtero inausketa gogorrak jasaten dituen zuhaitz bat ziurrenik seguruagoa izango da sekula inausi gabeko bat baino; honek, noski, zuhaitzaren estrukturarekin lotura zuzena du. Urteroko inausketak jasan dituen zuhaitzak ez du eror daitekeen arrama sendorik izango, nahiz eta inausten ez diren zuhaitzen jarraipen bat eginez gero, posible den arrisku hauei aurre egitea. Soilik behar-beharrezkoa den kasuetan inausiz edo guk nahi dugun forma lortzeko noizbehinkako formazio inausketak egitea izango litzateke modu egokiena.
LOREDUN GUNEAK:
Urteroko loreak landatzeak sekulako mantenu lana suposatzen du eta koste ekonomiko ikaragarria, besteak beste, uda-landareak edo negu-landareak eskuratu behar izaten direlako eta ur zein ongarri xahutze handia eskatzen duelako. Hori guztia behar izaten da eta, azkenean, urtaroa pasatakoan, landareek hondakin organikoen gestiorako plantan amaitzen dute. Hiritarrak horretaz konturatzea ezinbestekoa da, hauen gustuen eta baliabideen kontsumo neurrigabearen artean oreka egoki bat aurkitzeko.
Bi landare mota nagusi daudela esan genezake:
- Urteroko landareak: Negu-landareak edo uda-landareak izan daitezke. Ur premia handia izaten dute, ongarri asko behar izaten dute, mantenu lan etengabea eta gogorra exijitzen dute belar txarren garbiketa, ureztatze eta ongarritzeetarako. Gainera, gastu ekonomiko handia suposatzen dute eta haien zikloa amaitutakoan konpostagailuan amaitzen dute.
- Landare bizikordunak: Batzuetan horren ikusgarriak ez badira ere, landare egokiak aurkituz gero ez dira motz geratzen besteen alboan. Bakoitzaren prezioa urterokoena baino garestiagoa izan ohi den arren, urte luzez irauten dutenez eta besteek bezalako ur eta ongarri premiarik ez dutenez izaten, zati bat merkeagoak bihurtzen dira.
Hau guztia kontuan izanik, hainbat proposamen edo erabaki hartu dira azken urteotan: Ezinbestekotzat jo da landare bizikordunei edo naturalki hazten diren loreei espazio gehiago ematea, urteroko landare kopurua txikituz.
Udalak, 2007ko urrian, loredun loreak landatzeko hainbat irizpide onartu zituen; honen eraginez, urteroko landaredun guneak landare bizikordunen gune bihurtu ziren. Eraldatze honi 2014ko udaberrian eman zitzaion amaiera.
UREZTATZEA:
Urari dagokionez, ezinbestekoa da ureztatze arrazionala egitea: Landareek ez dute behar guk adinako ur kalitaterik, ez dute ur edangarririk behar. Horrenbestez, euri urak, iturburuetakoak edo errekastoetakoak erabili ahalko genituzke gure lorategi edo parkeak ureztatzeko. Horretarako ezinbestekoa da beharrezko azpiegiturak eraikitzea, hala nola ur baltsak, ponpatze sistemak, tutu berriak… Guzti horrek batzuetan ezinezko bihurtzen du ur hauek erabili ahal izatea.
Bestalde, berdegune guztiak ureztatzea ezinezkoa izanik, derrigorrezko lan bihurtu da finkatzea zeintzuk diren ureztatzen diren guneak eta ureztatuko ez direnak. Horregatik ez dira herriko larreak (eta ez soropilak) ureztatzen; udan zehar horitzen uzten dira eta udazkeneko lehen euriekin berriz berdetzen dira naturan gertatzen den bezalaxe. Herrian loredun guneak besterik ez dira ureztatzen eta hau, gainera, soilik premia dutenean; nahiz eta zuhaitz eta zuhaixkak landatu eta lehen urteetan zehar ere ureztatzen diren.
Ura aurreztu ahal izateko behar- beharrezkoa da landare egokiak aukeratu eta lorategi zein landaketen diseinu egokia egitea.
Ureztatze sistemei dagokienez ere, ezinbestekoa da planifikazio ona eta ureztatze sistema automatikoak erabiltzea, hau eskuz eginez gero oso garestia izateaz gain, sekulako ur galerak sortzen baitira, %30etik gorakoak.
Arrasaten ureztatzeko iturburuetako ura eta Urkulu urtegiko ura erabiltzen dira. Urkuluko urarekin 22.872m2 ureztatzen dira, hau da, Arrasateko berdeguneen %37,15a. Antoñana eta Meatzerrekako iturburuetako urarekin berriz 38.700m2 (%62,85).
SOROPILEI ALTERNATIBA
Soropilak dira, loreekin batera berdegune batean lan eta kostu ekonomiko handiena ematen duten elementuak; sekulako ur eta ongarri kontsumoa, mantentze lan handiak eta ebakitze lan jarraiak exijitzen ditu.
Ur eta ongarri kontsumoari aurre egiteko, Arrasaten soropil gehienak eraldatu egin dira eta haien ordez larre naturalak jartzea erabaki da.
Lorategietako soropilei alternatiba topatzeko, zenbait froga egin dira, nahiz eta emaitzak ez diren espero bezain onak izan: plastikoak jartzea, material biodegradagarriz, harriz, pinu-orri edo azalez estaltzea, zementuz estaltzea, landare asko batera eta gertu sartzea edo landare tapizatzaileak erabiltzea.
ONGARRITZEA:
Ongarritzearen helburua da landare espezieak beharrezkoak dituzten elikagaiez hornitzea, garapen begetatibo eta egoera fisiologiko hobea izan dezaten.
Ongarri mota ugari daude. Badaude sintetikoki laborategietan egiten direnak edo, naturan gertatzen den bezala, zuhaitz eta landareen hondakinekin modu naturalean sortzen direnak. Azken hauek dira ongarri egokienak, lurra modu mantso eta erregulatuan ongarritzeaz gain, honen estruktura hobetu eta onura egiten diolako lurreko bizitza mikrobianoari. Sintesiko ongarriei dagokienez, askoz indar handiagoa izan ohi dute, gehienek momentuan bertan askatzen dute haien indarra baina lurra eta honen bizitza zein estrukturari onura baino kalte gehiago egiten diote.
Arrasateko lorategietan ez da ongarri kimikoen eta turben erabilerarik onartzen, soilik ongarri organikoak eta konposta erabil daitezke. Landare bizikordunen guneak urtean birritan ongarritzen dira; gainontzeko berdeguneetan, berriz, ez da ongarritzerik burutzen.
IZURRITE ETA GAIXOTASUNEN AURKAKO KONTROLA
Tratamentu fitosanitario edo botiken erabilera, herriko lorategietan dauden landareek jasan ditzaketen izurrite edo gaixotasunei modu egokian aurre egitean datza. Berez, Arrasateko berdeguneetan ez da honelako tratamendurik egiten. Guztiz beharrezkoa balitz, gaixotasun edo izurriteak zein hauen aurkako alternatibak ondo aztertu eta, besterik ezean, gestio integratua, tratamentu ekologikoen bitartezko prebentzioa, borroka biologikoa, feromonadun tranpak… erabiltzearen alde egiten da.
Gaixotasun eta izurriteei aurre egiteko beste estrategia bat da espezie egoki eta egokitzatuak erabiltzea, hauen arteko asoziazio egokiak eginez eta ureztatze zein ongarritzeak modu apropos baten burutuz. Hau behar den moduan eginez gero, gaixotasun edo izurrite batek lorategi edo berdegunea jotzea zailtzen da.
Landare inbaditzaileei dagokienez, baditugu herrian horrelako hainbat landare. Larreetan ez da arazo handirik izaten, izan ere hauek soropil ezik, larre kontsideratzen direnez, soropilean belar txarrak liratekeenak larrean honen parte dira, sarri udaberriko loraldi ikusgarriak eskainiz.
Landare bizikordunen guneetan, orain dela gutxi arte, “Oxalis” edo “Potrobelarrak” eragin ditu buruko min handienak, belar txar honen aurkako borrokak asteroko jarraipen bat eskatzen zuen honi aurre egin ahal izateko, kasurik egin ezean berehala hartzen zituen inguruko bazter guztiak. Gaur egun geotextilak jarriz eman zaio konponbidea arazo honi, ohial honek ez baitie landare berriei jaiotzen uzten.
Erreka bazterretan “Reunetria” izeneko landareak ageri dira, honen aurka 2004tik noizbehinkako tratamenduak egiten dira reunetrien populazioan beherakada handia eraginez. Hauek, baina, ez dira Arrasaten dauzkagun landare inbaditzaile bakarrak; “Budleiak” eta “Cortaderiak” edo “plumeroak” ere leku baten baino gehiagotan daude, baita etxe, baserri edo lorategiren baten ere apaingarri gisan.
HONDAKIN BEGETALEN KUDEAKETA
Parke eta lorategien mantenu lanen ondorioz, hondakin begetal ugari sortzen dira. Hauek kudeatzeko hilero hondakinak pisatu eta konposta egiteko plantara bidaltzen dira.
Moztutako egurraren zati bat ere parke edo lorategian bertan uztea komeni izaten da dibertsitate biologikoa handitzeko, bereziki intsektuen komunitateari gordeleku eta janaria eskainiz. Honek ondorioz txoriak eta intsektuen beste harrapakari batzuk ere erakartzen ditu inguruko kate trofikoa handituz.
Monterron parkeko gune altuenetan moztutako enborren hondakinak bertan, lurrean, uzten dira. Gainontzeko guneetan ez da horren erraza. Santa Barbara parkean enbordun piramide bat egiteko saiakera bat egin zen baina ez zuen funtzionatu, astebururo enbor hauek parkeko leku ezberdinetan botata agertzen baitziren.
AURREZTE ETA ERAGINKORTASUN ENERGETIKOA
Arrasateko berdeguneen zaintzan egiten den kontsumo energetikoa minimoa dela esan genezake, mantenuko ibilgailuek biodiesela erabiltzen dutenez, hein handi batean, haien joan-etorrietan. Bestalde, makinetan erabiltzen diren olio eta lubrifikatzaileak ere jatorri organikokoak izan ohi dira, gertatu ahal diren isuriek eragin kaltegarririk izan ez dezaten.
INFORMAZIOAREN ZABALPENA
Herritarrek herriko berde guneak beraienak balira bezala sentitzea oso garrantzitsua da. Horretarako ezinbestekoa da hauen inguruan ahalik eta informazio zabalena izatea, parke edo lorategietan egin behar diren aldaketen jabe izatea eta proposatzeko edo parte hartzeko aukera edukitzea. Horretarako beharrezkoa da Udala eta lanetaz arduratzen den enpresaren arteko koordinazio egokia. Baita bi hauen eta herritarren arteko hartu-eman estua, bertako gorabeherez modu ezberdinetan informazioa jasotzeko.
HERRITARREN GOGOBETETZEA
Behar-beharrezkoa da herritarrei Udalak aukeratutako kalitate kontzeptuak azaldu eta ulertaraztea, hauek lorategien mantenu eta egoera beste begi batzuekin ikusi eta uler dezaten.
Sarri, ezjakintasunaren ondorioz, kalitate falta dagoen sentsazioa izan ohi du herritarrak, adibidez herriko larreak udan horituta ikustean. Hori, baina, ez da kalitate faltagatik, bertan hartu diren kalitatezko erabakiengatik baizik; kalitatea neurtzeko modu asko egon daitezke parke edo lorategi batean, kalitate bisual edo ornamentala, mantenu kalitatea, kalitate naturala… Urte osoan zehar guztiak uztartzea, baina, ia ezinezkoa da, batzuetan batek bestea zapaltzen baitu.