HEZKIDETZA LANTZEN
1997ko uztailean Udaleko Osoko Bilkurak onartu zuen "Emakumeentzako ekintza positiboaren Udal Plana" abian jartzea, eta plan horretan udalaren Berdintasun zein Hezkuntza sailek, bien artean, lehenetsi zuten hezkuntza komunitatearekin hezkidetza programazioa garatzea.
Izan ere, 1997. urteaz geroztik, arian arian, Arrasateko HH eta LMHko ikastetxeek eta DBHko hainbat ikastetxek hezkidetza proiektua landu zuten 2009/2010 ikasturtea bukatu artean. Ikastetxeek, udaleko bi sail horiekin, Arrasateko Hezkidetza Mahaia osatu zuten. Programazioa hiru arlotan landu zen.
a) Eskoletako irakasleentzat hezkidetza prestakuntza ematea. Hasierako gaikuntza sartzen zen ikastetxeentzat, eta gero prestakuntza iraunkorra hurrengo ikasturteetan. Prestakuntza teorikoa emateko, hezkidetzan adituak ziren aholkulari batzuen bidez baliatu zen udala, eta proiektua garatu zen aholkularien, udal teknikarien eta ikastetxeetako kideen ekarpenekin.
b) Ikasgeletan ikasleekin hezkidetza jarduerak landu eta abian jartzea. Irakasleek teoria jaso ahala, hezkidetza jarduerak martxan jarri ziren ikastetxeetako ikasgeletan, eta jarduera horien garapena jarraitzen zuten hezkidetza aholkulariek, tutoretza zerbitzu baten bidez.
c) Gurasoak hezkidetzan heztea. Eskoletan lantzen ari ziren hezkidetzari buruzko aktibitateak gurasoei helaraztea, hezkidetza boletinak landu eta argitaratu ziren, boletin horiek gurasoek etxean jasotzen zituzten beren seme-alabekin batera lantzearren, eta LMHko zein DBHko gurasoei zuzenduta zeuden.
Proiektu horren helburua zen hezkidetza jarduera lantzea, herrian, hezkuntza komunitatearen eragile guztiekin, hau da, irakasleekin, ikasleekin, ikasleekin zein gurasoekin, eta ikastetxe bakoitzak bere eskolako hezkuntza proiektuan hezkidetza programazioa txertatzea.
2006. urtean, proiektu honen bilakaeraren eta argitaratutako buletinen berri emateko, “Arrasaten Hezkidetza lantzen: Hezkuntza hezkidetzaile oso baterantz” izeneko liburua eta CDa argitaratu zituzten Arrasateko Udaleko Berdintasun eta Hezkuntza sailek, eta Urtxintxa eskola izan zen material horren egilea.
2006. urtetik 2009. urtera arte, hezkidetza boletinak lantzen jarraitzen zuten bi sailek ikastetxeekin, eta 18 ale argitaratu ziren (bertan daude zikloka eta gaika sailkatuta, lantzeko) eta buletin digital parte hartzaile bi ikastetxeentzat.
Hamalau urtez, hezkidetza lantzen aritutakoan, 2009/2010 ikasturtearen bukaeran, ikastetxeekin adostuta, ikastetxeen eskolako hezkuntza proiektuetan jarduera txertatuta zegoelakoan, Hezkidetza mahaiak jarduera lantzeari utzi zion, eta atea zabalik utzi zuen, geroan, berriro gaia landuko zuelakoan.
2007/2008 ikasturtean hezkuntza arloan genero indarkeriari aurre egiteko plana, hezkidetza mahaiak abiaturikoa,“Eraldatzen” izenekoa, gaur egun ere jarraitzen dute lantzen ikastetxeek.
Hezkuntza komunitatearentzat eta herritarrentzat material didaktiko interesgarria delakoan, sexu berdintasunerako hezkuntza lantzeko, argitaraturiko material hori ikusgai eta erabilgarri duzu apartatu 2 hauetan: