UDABERRIKO EKINTZA BEREZIAK!
2024/04/11Kaixo kaixoooo Okendotik!!!
Udaberriko oporretan ludoteketan ere ez gara gelditu! Hainbat ekintza berezi antolatu eta haurrekin batera gozatu ditugu.
Udaberriko ekintza bereziei hasiera emateko, lehenengo egunean (apirilak 3), Natura Jolasean tailerra egin genuen. Horretarako, Monterronen naturarekin gozatzeko askotariko txokoak prestatu genituen eta haurrek horietan askatasunez jolasteko aukera izan zuten. Hona hemen prestatutako txokoak: buztinarekin esperimentatzeko txokoa, sukalde txokoa, eskulanen txokoa, ur bideak, mural margoketarako txokoa, slackline-a eta harriak apaintzeko materiala.
Bigarren egunean (apirilak 4), talo tailerraz gozatzeko Lasturrera egin genuen txangoa. Autobus geltokian elkartu ginen eta haurrak oso pozik gerturatu ziren. Bertara iritsitakoan, errotan artoa irin nola bihurtzen zuten ikusteko aukera izan genuen. Behin hori ikusita, hamaiketakoa jan eta pixkat jolastu ondoren, talo tailerrari ekin genion. Haurrek izugarri disfrutatu zuten eskuak zikindu eta haien taloa prestatzen. Txangoari amaiera ezin hobea eman genion naturaz inguraturik gure taloak dastatu baikenituen. Oso egun polita izan zen eta bai haurrek zein hezitzaileok izugarri gozatu genuen.
Udaberriko ekintza berezien azken egunean (apirilak 5), kanpo espazioaren eta naturguneen garrantziarekin jarraituz, mendi irteera egin genuen. Hori honela, erabiltzaileekin ludotekan elkartu eta Monterron parkean batu ginen gainontzeko ludotekekin. Bertatik abiatuta, hilerrira igo eta Meatzerrekara egin genuen ibilaldia. Bertara iritsitakoan, haurrek hamaiketakoa jan eta parkean jolasteko aukera izateaz gain, bertan kokatzen den Montxoneko kobara jaitsi eta honen sarrera ezagutzeko aukera izan genuen. Eguraldia lagun izan genuen eta haurrek goiz bikaina pasa zuten.