Kaixo kaixo Santamañatik!
2020/11/05Ohi baino beranduago zabaldu behar izan genituen ludotekako ateak, baina horrek ez digu eragotzi Gaba Beltza ospatzea zein beste hainbat eta hainbat ekintza egitea.
Urriaren 31 gau berezia da guretzat, eta hori dela-eta ludotekan kalabazak egiten aritu gara. Gure haurrak buru-belarri aritu dira lanean! Hortaz gain, kukumarruren istorioa ere kontatu genien, eta Gaztetxokoko lagunek prestatutako Beldur Etxera hurbildu ginen. Bertan, Amonaren Etxea bisitatu genuen, eta handik irteteko erronka polita bota ziguten Gaztetxokoko lagunek: ortuko materiala aurkitu behar izan genuen amandrearen kortan! Ederto ibili ginen, eta hurrengo urteko Gaba Baltza noiz helduko zain gelditu gara.
Baina hilabete honek gehiagorako ere eman du: lokatz gunean plisti-plasta ibili, mahai jolasak deskubritu, kaja berriekin zirkuituak egin... Izan ere, aurtengo ikasturte hasiera arraroa izateaz gain, lan eta lan aritu gara hezitzaileok: lanean aritu gara ludotekak aurtengo egoerara ahalik eta ondoen moldatzeko. Lan horretan Txatxilipurdiko Berramesten saila izan dugu bidelagun. Hark bere fruituak eman ditu: ipuin txokoa indartu sofatxoa jarriz, jolasetarako balio duten kaxa erraldoiak ekarri, espazioaren antolamendua birmoldatu... Eskerrik asko lan honetan gure bidelagun Amaiari! Bejondeizula!
Nahiz eta egoera samurrena ez izan, ludotekako lagunak poz-pozik ari gara bide berri honi ahalik eta irribarre handienarekin erantzuteko! Eta, noski, bide honetan ere haurrak erdigunean egongo dira!