Bigarren bilera: Santa Barbara parkea bisitatzen
2017/02/20Otsailaren 14ean bildu da bigarren aldiz Arrasateko Haur Kontseilua. Parkean zehar ibiltzeko prest etorri dira kideak. Gaurkoan gainera opari txiki bat jaso du bakoitzak: motxilan, estutxean, jakan edo non nahi jartzeko txapa handia.
Ezer baino lehen, aurreko saioko eskariei erantzunez, parkearen historiaz eta Santa Barbara izenaren jatorriaz mintzatu gara. Ondoren, 3 taldetan banatu eta parkera igotzeari ekin diogu. Zergatik baina 3 talde? Talde bakoitzak eginbehar bat hartu duelako.
- Parkeko esploratzaileak: Parkean zehar txoko eta leku ezberdinak bilatu eta dokumentatu dituzte. Argazkiak ateraz, mapa batean non dauden adieraziz, aurkikuntzen berezitasunak apuntatuz etab. parkearen inguruko dokumentazio propioa sortu dute. Sortutako materialak garrantzia handia dauka kideek parkearekiko duten ikuspegia adierazteko, eta honen gainean gero proposamenak egin ahal izateko.
- Inguruen inspektoreak: Parkearen inguruetan ibili dira bertan dauden eraikinak identifikatzen eta inguruan dabilen jendea ezagutzen. Parketik hurbil gertatzen dena ezagutu dute eta bertako etxe eta eskolak kokatu dituzte.
- Udaltzainen kazetariak: Udaltzainekin hizketan ibili dira parkeko arazoen inguruan eta baita burutzen duten lanaren inguruan.
Behin Gaztetxokora itzulita, denon artean bizi eta ikusi izandakoa konpartitu dugu. Hemen talde bakoitzak jasotako informazioa:
- Parkeko esploratzaileak: Natura dago parke osoan zehar, eta baita barranko labainkorrak. Ura jarri eta hormak konpontzeko beharra dago. Zuhaitz mota asko daude eta txoko batzuetan parkeak oso bista politak ditu. Kobazulo txiki eta zaharrarekin ere egin dute topo.
- Inguruen inspektoreak: Alde Zaharra eta etxebizitza asko daude inguruan, eta hauez gain, Otalora, Gazteluondo eskola, Olarte eskola eta Gaztelupeko institutua. Jendearekin hizketan, umeak eta nagusiak joaten omen dira parkera, eta baita eskoletako ikasleak, gehienak patio edo atseden orduetan.
- Udaltzainen kazetariak: Gazte batzuek eragindako sute txikiak eta lapurretak izaten dira parkeko elkarbizitza arazo nagusiak. Egunez ez da arazo handirik egoten, arazo larrienak gauetan gertatzen dira. Beraien lana herrikoei laguntzea eta legeak jarraitaraztea da.
Eta guzti hau adierazteko... murala egin dute partaide guztien artean!