2. Kontseilua
2025/01/24
Borobilean goxo eseri ostean, kontseilura ongi etorria eman, aurreko saioa errepasatu eta goizak izango duen egitura azaldu dugu. Bide batez, Zer moduz nator? erronda egin dugu talde egoeraren berri izateko.
Ostean, konexio ariketa gisan norberak bere izenaren txapa diseinatu du. Txapa hau hurrengo kontseiluetan erabiliko dugu identifikagarri gisa.
Jarraian, urtean zehar taldea errazago bideratzeko izango ditugun rolen lanketa egin dugu talde txikitan banatuz eta lotura dinamika baten bitartez. Rolak ondorengoak izango dira: Bozeramailea, idazkaria, dinamizatzailea eta zaintzailea.
Atsedenera joan aurretik, 2025ean Udalak izango dituen proiektu nagusiak aurkeztu dizkiegu.
Alkatea eta zinegotziaren bisita jaso aurretik, atsedenera jo dugu hamarretakoa jan eta elkarrizketara lasai joateko.
Saioaren bigarren atalean, Maider (alkatea) eta Gladysekin (zinegotzia) elkarrizketa izan dugu. Bertan, urte honetako lau proiektu nagusiak sakonago azaldu dizkigute. Ostean, hauei ekarpenak egiteko aukera izan dugu. Amaitzeko, begirada zabaldu eta herri mailako bestelako erronka batzuetaz aritu gara.
Saioarekin amaitzeko, haur bakoitzari kontseiluko koadernoa banatu diogu. Bertan, norberak saio bakoitzaren kronika zein balorazio egiteko aukera izango du, modu librean. Azken bost minutuak koaderno hau estreinatzen eman ditugu.