Arrasateko Haurren Kontseilua

Haurren Kontseilua udalerriko haurrek osatutako taldea da, alkatetzaren aholkulari organo bezala lan egiten duena. Kontseiluko kideek alkatetzaren galdera eta proposamenei haien ikuspegitik erantzuten diete eta udalerriarentzako proposamen eta proiektuak garatzen dituzte

 

Haurren Kontseilua 18 lagunek osatzen dute eta bertan parte hartzeko 2 urteko konpromisoa daukate. Umeak Arrasateko ikastetxeetako LHko 4. eta 5. mailako ikasleak dira, taldearen erdia 4. mailakoa izanik eta beste erdia 5. mailakoa. Parte-hartzaileen erdia urtero berritzen da. 5. mailakoek ikasturte bukaeran Kontseilua uzten dute eta 4. mailako ume berriak sartzen dira. Horrela, urte batetik bestera lan-dinamika mantentzen da eta aldi berean, ume batzuek besteak laguntzen dituzte ordezkaritza kargua ezagutzen.

Kontseiluan parte-hartzeko, umeek haien burua proposatzen dute eskolaren bitartez, eta aurkeztutako umeen artean zozketa bidezko aukeraketa egiten da. Haurrak ez dira klase-kideen ez beste haurren ordezkari, beraien esperientzia eta ideiekin egiten dute lan. Eraketan aniztasuna eta parekidetasuna bermatzeko baldintzak ezartzen dira.

 

Funtzionamendua

 

Saioak hilean behin gauzatzen dira Udal lokal ezberdinetan, eta 2 orduko iraupena dute. Goizez garatzen dira, eskola orduetan. Hileroko saiorako deialdia email bitartez bidaltzen zaie Kontseiluko kideei.

Lan prozesua 2 dinamizatzailek antolatu eta bideratzen dute, parte-hartzeko laguntza teknikoa emanez eta saioen deialdiak, prestaketa eta erregistroa gauzatuz.

 

Taldearen zereginak

 

Haurren Kontseiluaren eta berau osatzen duten umeen funtzioak honakoak dira:

  1. Alkatearen galdera eta proposamenei haien ikuspegitik erantzuna ematea.
  2. Haurren Kontseiluari helarazten zaizkion eskakizunak entzun, landu eta eztabaidatzea.
  3. Arrasateko udalerriarentzako proposamenak eta proiektuak garatzea.

Honez gain, saioen arteko denboran zehar, umeek Kontseiluan landutako gaiekin lotutako ikerketak egiteko aukera daukate, beste herrikide edota teknikarien ikuspegiak eta informazioa ezagutzeko hain zuzen ere.

 

Alkatearekin harremana

 

Alkatea da, dinamizatzaileez gain, Kontseiluan nahi beste aldiz parte-hartzeko eskubidea duen pertsona bakarra. Kontseilua eta Alkatearen - edo alkateordearen - arteko bilerak ikasturtean bizpahiru aldiz ematen dira eta bilera hauetan, galderak aditu, ideiak partekatu eta emandako erantzunak baloratzen dira. Alkateak Haurren Kontseilutik jasotako aholkuak bere gobernu lantaldeari pasatzeko konpromisoa dauka, Haurren Kontseilua eta gobernu-taldearen artean etengabeko harremana eraikiz.