Inauteriak guztiontzat: arrazakeriaren aurka eta errespetuaren alde!

2025/02/26
Card image cap
Inauteriak ate joka ditugun honetan, gaztetxokoetan bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako jaiak sustatzearen garrantziaz hausnartu dugu. Aspalditik, mugimendu antiarrazistetatik egindako eskaeren aurrean, ardura hartzeko unea dela uste dugu.

Inauteriak guztiontzat ospakizun eta gozamen gune izan daitezen, ezinbestekoa da estereotipo, aurreiritzi eta indarkeria arrazista nahiz sexistarik gabeko espazioak bermatzea.

Gaur, bereziki, arrazakeriaren gaia jarri nahi dugu mahai gainean. Arrazakeriaren aurrean birpentsatu eta jarrera aktiboa hartzea dagokigu. Horretarako, Tolosako pertsona migratzaile eta arrazializatuen elkarteek—Jatorkin, Divina eta Mujeres del Mundo—aurreko inauterietan egindako aldarrikapenak eta gomendioak kontuan hartu nahi izan ditugu.

Kulturak eta etniak, ez dira mozorroak, belztasuna ere ez.

Urte luzez, eta tamalez, komunitate jakin batzuen jantziez mozorrotzea normaltzat hartu da. Baina, mundua aldatu egin da, eta gaur egun badakigu beste kultura batzuetako jantziak eta tradizioak—askotan zapalduak, ezabatuak edo desagertzeko arriskuan daudenak—kritikarik gabe eta dibertsiorako soilik erabiltzea ez dela miresmenaren adierazgarri, errespetu faltaren erakusle baizik. Gogoratu: kultura eta etniak ez dira mozorro bat.

Belztasuna ere, ez da mozorro bat. Blackface-a, pertsona zuriak beltzez mozorrotzea edo aurpegia margotzea, gure kulturaren herentzia arrazistaren adierazpen bat da. Praktika hori alde batera uzteko unea da, inauteriak guztiontzat errespetuzko eta inklusiboak izan daitezen.

Arrazakeria identifikatzeko galderak

Arrazakeria identifikatzen eta hausnartzen laguntzeko, aipatutako elkarteek, 5 galdera proposatzen dizkigute:

  1. Zein talde etniko, arraza edo kulturatakoak dira erabiltzen ari naizen jantzi edo objektuak?
  2. Zerk bultzatzen nau mozorro hau aukeratzera? Nire pribilegioek? Nire aurreiritziek?
  3. Mozorro edo praktika honek lotura duen taldea diskriminatuta edo zapalduta al dago?
  4. Norbait deseroso sentiarazi dezaket?
  5. Mozorro hau eramateak mesederik egiten al dit? Zertan?

Guztiontzat gozagarriak diren inauteri batzuen alde, hausnartu dezagun gai honen inguruan. Inauterietan erabiliko ditugun mozorro eta karrozetan jarrera arrazistak baztertu ditzagun.