Gaueko zaintzailea (Literatura solasaldia)
Gaueko zaintzailea (Literatura solasaldia)
Julen Belamuno
(Elkar, 2016)
Gaueko zaintzailea iluntzeko bederatziak aldera geratzen da bera bakarrik, azken langileek makina guztiak itzali eta etxerako bidea hartu dutenean, lantegian isiltasuna nagusitzen denean. Orduan, gauak ilunarekin batera bakea dakarren ordu horretan, bere erreinuaren jabe sentitzen da. Zorioneko ordu horretan hasita, gau guztia izaten du aurretik lantegiaren loa zelatatzeko, lantegiaren atsedena kanpoko ezerk ez duela asaldatuko ziurtatzeko. Urte asko egin ditu aitagandik oinordetzan jasotako lanbide horretan, urte asko aluminiozko perfilak egiten espezializatu zen enpresan, baina oraindik ere barrena pozten zaio gaua iristen denean eta bera bakarrik geratzen denean isiltasunaren erdian.
Gehienetan askoz lehenago iristen da gaueko zaintzailea lantegira, oraindik ere bi edo hiru lagun geratzen direnean, ia beti berak, inolako premia berezirik gabe ere ordu estrak sartzen geratzen diren langile leialak, nagusiaren edo arduradunaren begietara esaneko eta konfi antzazko agertu nahi izaten dutenak. Batzuetan, lantegira ekartzen duen trenetik jaitsitakoan, bulegoetako argia pizturik ikusten du zaintzaileak, eta orduan badaki, betiko langile saiatuez gain, kontularitza edo finantzetako arduradunen bat ere kontuak orekatu nahian dabilela, edo, bestela, zuzendaritzakoak bileraren batean daudela. Haiek ere etxerako bidea hartzen dutenean, adeitsu agurtzen ditu zaintzaileak; gustatu egiten zaio batekin ez bada bestearekin hitz batzuk egitea, baina benetako alaitasuna bakarrik geratzen denean sentitzen du, lantegi lokartuan jaun eta jabe geratzen denean.
Gaur ere, lantegira iritsi denean, ateratzen ari ziren azken langileekin gurutzatu da, baina apenas izan duen haiekin hitz batzuk egiteko aukerarik. Egun guztia lantegianpasatzen duten langileek nekea eta ernegazioa aurpegian dutela alde egiten dute, zaintzailearen presentziari ia erreparatu ere egin gabe, beren burutazioetan murgilduta. Batzuek enpresak eskatzen diena baino gehiago eman izanaren harrotasunaren talaiatik begiratzen diote, eta begirada horietan erraz sumatzen du izaki ezdeustzat hartzendutela, ezer ekoizten ez duen bizkarroi bat dela haientzat, gaua egonean edo lo-kuluxkak eginez pasatzen duen alfer bat. Gauzak asko aldatu dira. Lehen, batez ere bere aitaren garaian, gaueko zaintzailea instituzio bat zen, denek miresmenez eta errespetuz tratatzen zuten kargu bat, nagusiaren konfi antza osoko pertsona bat. Beste garai batzuk ziren haiek.
Kritikak:
Gizaki grisari gorazarre. Hasier Rekondo, Deia 2016-04-02
Nor gara iragandakoa eta gero? Saioa Ruiz Gonzalez, Argia 2016-03-13
Koordinatzailea: Yurre Ugarte