Hilaren hirugarren zapatuan (ekainaren 19an) zuzeneko showcooking saioa eskainiko da bertako produktuen azokan
2021/06/17Ohi den bezala, Arrasateko Udalak bertako produktuen azoka antolatzen du hilaren hirugarren zapatuan, eta ekainekoa egingo da datorren zapatuan, hilaren 19an, beti bezala Seber Altube plazan.
Oraingo honetan, baina, tokiko eta garaiko produktuez harago, arrasatearrek aukera izango dute showcooking saio batez gozatzeko (sukaldaritzako erakustaldia). Izan ere, Gipuzkoa Turismoa-ren eskutik eta Debagoieneko Mankomunitatearekin zein Debagaraia landa garapen elkartearekin elkarlanean, udalak zuzeneko sukaldaritza saioa antolatu du.
Gonbidatua izango da Igor Ezpeleta sukaldaria, Arteaga landetxekoa, eta 11:30etik aurrera, arituko da errezeta bi prestatzen (kozinatzen) Seber Altube plazan, errezeta biak bertako produktuez eginak. Zapatu honetako azokan, beraz, herriko zein eskualdeko ekoizleen produktuak erosteaz gain, herritarrek zuzeneko sukaldaritza saioaz gozatu ahal izango dute.
Azokaren helburu nagusia da babesa eta bultzada ematea herriko eta bailarako bertako produktuei eta ekoizpen sistemei, eta indartzea tokiko produktuen kontsumoa.
Uztaileko azokan, txakolina protagonista
Uztailaren hirugarren zapatuan, hilaren 17an, bertako produktuen azokan, eta aurrerapen modura, txakolina protagonista izango da.
Azokarekin batera txakolinaren eguna egingo da; Arrasateko zein Oñatiko txakolin ekoizleen produktuak izango ditugu.