Arrasateko Udalak lanak hasi ditu Zigorrolako begiratokia aisia eremu bilakatzeko
2023/02/07Arrasateko Udalak lanak hasi berri ditu Zigorrolako Begiratokia herritarrentzat aisia gune bilakatzeko. Begiratokia txukunduko da eta inguruan aisia eremu berri bat sortuko da. Ekimena herritarrek lehenetsi zuten 2021-2022 partaidetza aurrekontuetan.
Zigorrolako balkoia dago Musakola/Zigorrola auzoan, autobideko obrei lotutako betetze batean, hain zuzen goialdeko eremuan dagoen tontor txiki batean. Orain dela urte batzuk Musakolako lagun talde batek tontor inguruak egokitu zuen begiratoki izaera emateko.
Udalak nabarmendu duenez, “eremua herritarren esku jarriko dugu, irisgarri eta atsegina eginez. Helburua da behatokia balorean jartzea eta ingurutik pasatzen den natura bide sarearekin lotzea, erabilera jasangarria sustatzeko”.
Azken asteotan eremuan desbroze lanak egin ditu Basolan baso langileen formazio taldeak (enplegu formakuntzako programa Lanbide-Arrasateko Udala). 2000 m2 inguru guztira.
Behatokiaren inguruan, beheko zelaian, lurrak berdinduko dira (<400 m2) bi mahai/banku eremu jartzeko (guztira 2 m luzerako 4 mahai eta bankuak), itxitura bat egingo da begiratokira igotzeko bidearen hasieran (kuadak edo antzekoak ez igotzeko) eta 5 seinale ezarriko dira udalaren naturabide sarearekin lotzeko.
Behatokian bertan barandila bat eta panel informatiboa jarriko dira. Bestalde, bertan dauden bankua, mastila eta ikurrina berriztuko dira.
Lanak ‘K1 Ekopaisaia, SLL’ enpresa ari da egiten. Aurrekontua 11.500 eurokoa da, BEZ barik. Lanak astelehen honetan hasi dira, otsailak 6, eta aurreikusten da astebeteko epean egitea.