Zerrajerako ezponda egonkortzeko lanak hasi ditu Udalak
2025/01/21
Zerrajera kaleko ezponda egonkortzeko lanak hasi ditu Udalak aste honetan. Otsaila amaiera arte luzatuko dira lanak, eta eremu bakoitzaren maldak suposatzen duen arriskuaren araberako barrerak jarriko dira, ustezko erorketei muga jartzeko. Kepa Urteaga, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak xehetasun guztiak eman ditu.
Segurtasun muga ezberdinak
Lan egingo den ezpondaren eremua oso aldakorra da, eta ondorioz, esku hartze ezberdinak egingo dira eremuaren arabera. Honako lan hauek egingo dira:
- Bi tartetan barrera dinamikoak jarriko dira:
ezpondatik etor daitekeen materiala geratzeko asmoz, tamaina ezberdineko bi barrera dinamiko jarriko dira bi zati ezberdinetan. Barrera dinamikoa segurtasun barrera nagusiena dela azpimarratu du zinegotziak, “ezpondaren inklinazioa handia denean eta arriskua egon daitekeenean materiala espaloira erortzeko” azaldu du zinegotziak. Batak 54 metroko zabalera izango du, eta, bigarrenak, 24 metroko zabalera. - Egurrezko barrerak bigarren mailako babes-neurri gisa:
Ezpondaren malda txikiagoa den lekuan, bigarren mailako babes-neurriak jarriko dira. Supermerkatu aurrean kokatuko den tarte horretan ezpondaren malda oso leuna da (15º-20º), eta zati hori egonkortzeko bioingeniaritza sistema erabiliko da. Hiru hesi jarriko dira guztira, bakoitza 16 zutonez osatutakoa. “Zurezko zutoinek Gewi barra biribil bat izango dute barruan, 40 mm-koa, eta barrak hesiaren egonkortasuna eta erresistentzia bermatuko ditu, lur-jausien eraginaren aurrean”.
Horrez gain, apenas maldarik gabeko tarte batean, areka bat egingo da, eta landaredia landatuko da arekaren eta hormatxoaren artean. - Hesi metalikoa hormigoizko eustorma altuaren buruan:
Altuera jakineko bi hesi estatiko egin behar dira, ezponda espaloitik oso gertu dagoen lekuetan edo altuera jakin bateko horma baten gainean, lur-jausi txikiak espaloira iristea saihesteko. Hesi hauek 2 eta 2,5 metro arteko altuera izango dute. - Euri urak jaso eta bideratzeko lanak ere egingo dira.
Hondakinak eraistea eta ingurua garbitzea
Ezpondak Zerrajera fabrika zaharraren hondakinak ditu oraindik, eta, beraz, hondakin horiek erretiratzeari ekingo zaio. “Prozesu zaila da, makinek ezin baitute lurrean lan egin, maldaren inklinazioagatik. Beraz, lana eskuz edo garabien laguntzaz egin beharko da” azaldu dute.
Lurraren konplexutasuna, atzerapenaren arrazoia
Lur jauzia duela urtebete gertatu zen, eta, ordutik, Udalak “etengabeko lana” egin duela adierazi du Urteagak. “Duela urtebete, ezpondaren lehen azterketaren ondoren, hau egonkortzeko bide orri bat markatu genuen. Lehenengo eta behin, azterlan geoteknikoa idatzi zen, egoera erreala ezagutzeko, eta ondoren etorri zen exekuzio proiektua. Azkenik, behin Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jasota, lanen exekuzioa lehiaketa bidez adjudikatu zen. Izan ere, lur sailaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta honen onespena behar beharrezkoa izan da lanak egin ahal izateko”.
Behin guztia bideratuta, dagoeneko hasiak dira lehen lanak egiten. Aurreikuspenen arabera, obrak, otsaileko azken egunetan amaitzea aurreikusten du Udalak. Proiektua idatzi duena eta obra zuzentze lanak egingo dituena IKERLUR INGENIERIA GEOTÉCNICA enpresako teknikaria izango da, eta lanak exekutatuko dituen enpresa INACCES GEOTÉCNICA VERTICAL SL izango da. Obra esleipen kopurua 91.372,58 € (BEZ barne) izango da.