Zalduspen kokatuko da behin-behineko autobus geltokia aparkaleku guztiak mantenduz, Ekobulebarraren eraberritzea amaitu artean

2021/02/04
Card image cap
Geltoki berria apirilaren 1etik aurrera jarriko da abian. 6 autobus hartzeko gaitasuna izango du eta 3 markesinez osatua egongo da. Ibilbide luzeko autobus guztiak bertan geratuko dira: Donostia, Gasteiz (zuzenekoa), Bilbo eta Loiuko aparkalekua. Gainerako linea guztiek geldialdi bat egingo dute bertan.

Arrasateko Udalak Zalduspera lekualdatuko du Garibai kaleko autobus geltokia, Ekobulebarraren eraberritze lanek iraun bitartean. Geltoki berria apirilaren 1etik aurrera jarriko da abian.

Maria Ubarretxena alkateak eta Ibon Arrupe Hirigintza batzordeburuak prentsa agerraldian azaldu dutenez, “autobus geltoki berria behin-behinekoa izango da, irisgarritasuna bermatuko du 15 minutuko maiztasunez anezka autobusarekin, eta egun dauden aparkaleku guztiak mantenduko dira”.

Horretarako, udalak industria guneko eraikin bi eraitsiko ditu (Transportes Aramburu eta Etormobil zirenak), eta bertan ezarri aparkalekuak. Hau da, gaur egungo aparkalekuen eremuan autobus geltoki berria kokatuko da eta, pabilioiek utziko duten eremuan, berriz, aparkalekuak. Aparkatzeko eremu kopuru berbera bermatuko du udalak.

Zalduspeko geltokiak 6 autobus hartzeko tokia izango du aldi berean, eta 3 markesinez osatuta egongo da. Darsena sistema izango du (sartu-irteera eremu berberean egingo dute autobusek). Ibilbide luzeko autobus guztiak bertan geratuko dira: Donostia, Gasteiz (zuzenekoa), Bilbo eta Loiuko aparkalekua. Gainerako linea guztiek geldialdi bat egingo dute bertan.

Eremuaren egokitzapen lanak otsailaren 15ean hasiko dira, eta aurreikusita dago hilabete eta erdiko epean egitea.

Udal ordezkariek nabarmendu dute “hasiera batean, Ekobulebarraren obrak amaitutakoan, 2022ko martxo-apiril inguruan, geltokia Garibai kalera itzuliko da. Hala ere, autobus geltokiaren gaia herritarrekin jorratu gura dugu eta kokapen egokiena elkarlanean zehaztu”.

15 minuturo, anezka autobusa; Mugi txartelarekin doan

Zalduspeko geltokia herriko puntu ezberdinekin lotzeko, Arrasateko Udalak autobus urbanoaren ezarpenean pausu bat gehiago emango du: zerbitzua oraingo 2 lineetatik 3ra pasako da. Mantenduko dira gaur eguneko bi linea zirkularrak, herriaren beheko aldea eta goiko batzen dituztenak, eta 3. linea sortuko da. Linea azkarra izango da hau, beheko aldetik era zuzenean lotuko ditu Arruena (Eroskiko geltokitik) eta Arimazubi eta San Andres.

3. linea honek anezka (lanzadera) eran jardungo du eta ondorioz doanekoa izango da, kasu horietan, Mugi txartelarekin.

Ibilbidea eta izango dituen geltokiak honakoak dira: Eroski, Gip. Etorbidea, Maalako errotonda, Otalora Lizentziatua, Muxibarreko errotonda, Zarugalde kalea, Udala plazako errotonda, Arrasate Pasealekua (Arimazubi), Alfonso VIII. kalea, Dr. Bañez kalea, Maiatzak 1 kalea, Garibai etorbidea, Biteri kalea, Nafarroa etorbidea, Deba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea eta Eroski.

Linea azkarraren ideia OTA zerbitzua definitzeko partaidetza prozesuan proposatu zuten herritarrek. Udalak eskari hori aztertu eta erantzuna eman dio.