Zalduspe-Osinaga zubia konpontzeko lanak urtarrilaren 26an hasiko dira
2015/01/20Bi hilabeteren buruan, zubiaren egitura eta zoladura konpontzeaz gain, bertoko argiztapena ere osotuko da farola berriak jarriz. Ospitaletik Musakolara bidean, zubira heldu aurreko espaloi zatian diren gorabeherak konpontzeko lanak ere egingo dira.
Zalduspe-Osinaga zubiak metalezko egitura du, “Cortén” izeneko altzairuzkoa da, zehatzago esateko. Material honek, berez, herdoil itxura hartzen du baina zubi hau dagokiona baino gehiago herdoildu da. Horregatik, zubiak kanpoko geruzan duen herdoila garbituko da hondarra presioan botata. Gero berriz margotuko da zubia, egitura babesteko.
Bestalde, zubiaren zorua ere aldatu egingo da. Izan ere, egun daukan egurrezko zoladura irristakor egoten da izotza egiten duenean, eta arriskutsua izaten da oinezkoentzat. Horregatik, hormigoizko zoladura jarriko da arazoa konpontzeko.
Esan ere gaur egun zubian dagoen argiztapena osotuko dela, farola berriak jarriz. Gainera, Ospitaletik Musakolara bidean, zubira heldu aurreko espaloi zatian diren gorabeherak konpontzeko lanak ere egingo dira.
Lan hauen guztien aurrekontua 119.410,71 eurokoa da, Construcciones Morga enpresak egingo ditu lanak ( 2014ko azaroaren 10eko Tokiko Gobernu batzordean esleitu zitzaizkion lanak).
Oinezko ibilbidea itxita
Lan hauek egin ahal izateko, obrek irauten duten bitartean ( urtarrilaren 26tik hasi eta bi hilabetez, aurreikuspenen arabera) zubia itxita egongo da, baita bertara heltzeko bi aldeetatik diren sarrerak: Ospitale aldetik, lehen Gamei zenaren paretik egongo da itxita espaloia. Musakola aldetik, berriz, AGA enpresaren parean.