Zaldibarren egoera txarrean dagoen zuhaitz bat botako dute bihar, eguena, segurtasunagatik
2024/05/22Arrasateko Udalak zuhaitz arriskutsuen ebaluazio txostena egin du. Azterketa horrek egoera txarrean edo hilik dauden zuhaitzen egoera jasotzen du, eta zuhaitz horiek ordezkatzeko edo zuzentzeko aholkuak jasotzen ditu, hala nola bakoitzaren urgentzia ebaluatzea. Esku hartze gehienak udazkenean egingo badira ere, Zaldibarko zuhaitza eguen honetan moztuko da.
Zaldibarko interbentzioa, lehentasunezkoa
Lehen interbentzioa Zaldibarko frontoian dagoen jolas parkean izango da. Zuhaitz bat oso egoera txarrean dago, “hiltzear dagoen zuhaitza da” adierazi dute udal ordezkariek.
“Zuhaitz honen egoera fisiologikoa eta kokalekua kontuan hartuta, gomendagarria da hau kendu, eta zuhaizti gazte bat jartzea. Ez du kolapsatzeko arriskurik, baina litekeena da adar hilak erortzen uztea, eta hori arriskutsua da, haurrentzako jolastokiaren erdian dago eta”.
Zuhaitza moztuko da eguenean, hilak 23, 10:00ak eta 13:00ak bitartean. Ondorioz, jolas parkea itxita egongo da lanek iraun bitartean.