Zabalik dago Santamasetan saltokiak jartzeko baimena eskatzeko epea
2022/10/26Datorren abenduaren 22ko Santamas eguneko ohiko postuak jartzeko eskaera egiteko epea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 15era arte egongo da zabalik. Horren harira, Arrasateko Udaleko Kultura sailak postuak jartzea aginduko dituzten arauak prestatu ditu.
Eskaerak egin daitezke Herritarren atariaren bitartez eta BAZen.
Biteri plaza
Biteri plazan nekazaritzako elikagaiak saltzeko postuari dagokionez, agiri hauek aurkeztu behar dira: nekazaritza ustiatzeko txartela, osasun erregistroa, janari erabiltzailearen agiria eta salgaiaren arabera legez eskatu daitezkeen agiriak. Gehienez 60 saltoki aukeratuko dira, eta lehentasuna izango dute herriko, eskualdeko eta EAEko ekoizleek.
Aukeratutako saltoki bakoitzak 32 euroko tasa ordaindu beharko du udaletxean abenduaren 6a baino lehen. Arrasateko, Debagoieneko eta Aramaioko ekoizle/egileak salbuetsita egongo dira ordaintzetik.
Seber Altube
Seber Altube plazan baserriko elikagaiak saltzeko postuari, eta herriko saltokien eta barazki eta fruta lehiaketari dagokienez, bertako partaidetza esklusiboa izango da: soilik herriko saltokien eta fruta eta barazki lehiaketetan izena ematen duten ekoizleek, eta Arrasateko ekoizleek hartu ahal izango dute parte. Etxean bertan egin edo ustiatutako baserriko produktuak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta ez da onartuko produktu industrialeko unitateen parte hartzea.
Lehiaketari dagokionez, hiru egongo dira: herriko saltokiena, barazki saltokiena eta fruta saltokiena. Sariak emateko erabiliko diren irizpide nagusiak izango dira kalitatea, kopurua eta aurkezteko modua. Sari ekonomikoez gain, irabazleak garaikurra ere jasoko du. Bestalde, barazki ekologikoak osatutako saltoki onenak ere saria jasoko du, eta, epaimahaiak hala erabakitzen badu, baserrian eskuz egindako ogia ere sarituko da.
Talo saltokiak
Talo eta antzeko euskal produktuen saltokiei dagokienez, saltokiak adjudikatzeko irizpideak izango dira, ordena honetan: antzinatasuna Santamas azokan, saltokiaren ezaugarri teknikoak, euskararen erabilera, produktu mota eta postua jai girora egokituta egotea. Gehienez sei saltoki baimenduko dira.
Postuaren tamaina saltoki bakoitzaren araberakoa izango da, baina aukeratutakoek 16 euro ordaindu beharko dute m koadro bakoitzeko, abenduaren 13a baino lehen. Ez da baimenduko saltokirik, baldin eta 10 m2 baino azalera txikiagoa badu. Ordainketa Udaletxean egin beharko da.
Dagokion tasa ordaintzeaz gain, euskararen erabilera ere garrantzitsua izango da. Saltokian jarriko diren karteletako testua eta produktuen izenak euskaraz egon beharko dira, edo, bestela, euskaraz eta gaztelaniaz.
Irabazi asmorik gabeko talo saltokiak
Irabazteko asmorik gabeko Arrasateko erakundeek eta taldeek txistorra, talo eta edari saltokiek hainbat kokapen izango dituzte: toki bi Olarte kalean, eta toki bana Seber Altube plazan, Arbolapetan eta Garibai etorbidean. Kanpoan geratuko dira, jai egitarauari loturik daude-eta, Arrasateko plazan kokatu ohi diren talo saltoki biak.
Azaroaren 15erako aurkeztutako eskaera kopurua baldin bada baimendutako saltoki kopurua (5) baino handiagoa, zozketa egingo da saltoki baimenduak zehazteko eta haien kokalekua finkatzeko. Zozketa hilaren 25ean egingo da.
Kontsultatu oinarri-arauak Herritarren ataria-n.
Edozein zalantza argitzeko, deitu 943 25 20 08 telefono zenbakira edo idatzi kultura@arrasate.eus helbidera.