Arrasaten epea zabalik Gabonetako eskaparate lehiaketan bozkatzeko; abenduaren 17ra arte
2023/12/12Abian da urteroko erakusleiho lehiaketa, eta gaurtik aurrera, zabalik dago, gainera, erakusleiho gustukoena bozkatzeko epea ere bai. Horri jarraikiz, arrasatearrek aukera daukate domeka arte, hau da, abenduaren 17ra arte, erakusleiho gogokoena bozkatzeko.
Guztira 33 establezimenduk eman dute izena lehiaketan; horrenbestez, herritarrek horien artean bozkatu beharko dute. Saltoki parte hartzaile guztien zerrenda ikusgai dago udalaren webgunean.
Bozka ematen duten arrasatearren artean ere sariak zozketan
Herritarren saria, eta haurren eta gazteen saria, hain zuzen, arrasatearren bozka bitartez erabakiko dira.
Bi kasuetan, saria norabide bikoitzekoa izango da, hau da, erakusleiho bat saritzeaz gain, bozka ematen dutenen artean ere sariak zozketatuko dira: herritarren sarian, bozka ematen dutenen artean, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko, 120 euroko bost bono zozketatuko baitira, eta haurren eta gazteen sarian, berriz, 50 euroko bost bono.
Bozketa BAZen eta telematikoki
Bi kasuetan, bozka BAZen edo telematikoki eman beharko da, udalaren webgunearen bitartez, esan bezala, abenduaren 11tik 17ra bitartean. Horrez gain, lehiaketan parte hartzen ari den saltoki bakoitzean herritarrek karteltxo bat topatuko dute zintzilik, QRaren bitartez bozka emateko.
Herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du, eta sari banaketa abenduaren 21ean izango da.