Arrasatek XVII. Musikaldia ospatuko du apirilaren 16tik 25era bitartean
2021/04/13Datorren apirilaren 16tik 25era bitartean XVII. Musikaldia ospatuko da Arrasaten. Musikaldiak ibilbide luzea darama jada herrian eta urteak pasatu ahala, erreferentziazko jardunaldia bilakatu da. Hasiera batean musika klasikoaren inguruan antolatzen zen arren, urteekin egokitzen joan da, mota eta estilo askotako ekitaldiak izan ditu, eta gaur egun Arrasateko musikarien erakusleiho ere bilakatu da, bai izen propioentzat zein musika taldeentzat. Aurten, esaterako, gure artean izango ditugu, besteak beste, KUP taldea, Garikoitz Mendizabal txistularia eta Arrasate Musikaleko Orkestra.
Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziak azaldu du: “Kultura gure lan ardatz nagusienetakoa da, eta helburutzat ditugu herriko kultura eskaintza zabaltzea eta kultura bera sustatzea; horregatik, beste urte batez, egitarau zabal eta askotarikoa antolatu dugu, bereziki garai gogor honetan, kultura eragileen lana baloratu eta indartzeko”.
XVII. edizioak sei ekitaldi batzen ditu guztira, ohikoa den bezala, bi asteburutan banatuta, apirilaren 16, 17 eta 18an lehen hirurak, eta apirilaren 23, 24 eta 25ean gainerakoak. Kontzertu guztiak 19:00etan egingo dira, eta osasun, segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatuta egongo dira, ikusleen zein parte hartzaileen ongizatea lehenetsiz.
Hona hemen Musikaldiko egitaraua:
Apirilaren 16an, egubakoitza, Kulturaten areto nagusian:
- Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal. Txistuaren eta pianoaren arteko fusioa.
Apirilaren 17an, zapatua, Kulturaten areto nagusian:
- Aris hirukotea.
Apirilaren 18an, domeka, Kulturaten areto nagusian:
- Entrequatre. Gitarra kontzertua.
Apirilaren 23an, egubakoitza: San Frantzisko elizan:
- Arrasate Musikaleko Orkestra.
Apirilaren 24an, zapatua, Kulturaten areto nagusian:
- Azul hirukotea.
Apirilaren 25ean, domeka, San Frantzisko elizan:
- KUP taldea.
Udaberriko kultura programa oparoa
Musikaldiaren XVII. edizioarekin batera, udaberrirako antolatutako kultura programaren berri eman du Arrasateko Udalak.
Programak, halaber, ekintza eta ekitaldi mota asko jasotzen du, herriko haur, gazte zein helduei zuzenduta, hala nola hitzaldiak, erakusketak, zinea, musika eta Liburuaren Egunaren ospakizuna.
Musikaldiaren kasuan bezala, helburua da kultura sektoreari zein kultura talde eta eragileen lanari bultzada ematen jarraitzea. Zinegotziak adierazi du: “Covid-19ak gogor kolpatu du gure gizartea eta bereziki hainbat eta hainbat sektore, horien artean kulturarena. Arrasatek kulturarekiko egiten duen apustua irmoa da eta, orain inoiz baino gehiago, apustu hori berretsi eta kulturarekiko dugun konpromisoari jarraipena eman gura diogu, eta kultura talde eta eragileen lana sustatu, Arrasatek kulturalki herri bizia izaten jarraitu dezan”.
Hona hemen udaberriko kultura programaren egitaraua, ekitaldi motaren arabera sailkatuta:
Hitzaldiak:
“Zuztarrak errotuz” lelo pean, hiru hitzaldi eskainiko dira, guztiak eguaztenetan, 19:00etan Kulturaten, areto nagusian:
Apirilaren 14an:
- Birginak ala emagalduak? 500 urte baino gehiago emakumeen adoktrinamendutik.
- Hizlaria: Amaia Nausia.
Apirilaren 21ean:
- Nafarroaren konkistaren (1512-1525) 50 data garrantzitsu.
- Hizlaria: Joseba Asiron.
Apirilaren 28an:
- Euskalduntze berantiarraren teoria desmuntatzen.
- Hizlaria: Aitzol Altuna.
Liburuaren eguna:
Apirilaren 22an, eguena, 18:00etan Kulturaten:
- Rodarika: Gianni Rodariren ipuinak proiekzioarekin: Zaku bete ipuin.
- Miren Larrea, Ion Chavez.
- 5 urtetik gorako haurrentzat. Aurrez izena eman beharko da.
Apirilaren 23an, egubakoitza, 19:00etan Kulturaten:
- Izaki bereziak: gorputz txotxongiloen ikuskizuna.
- Roberto White.
- Mutua.
- Helduentzat (+16).
Apirilaren 28an, eguaztena, 18:00etan Santa Marinan:
- Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa.
- Maite Franko.
- 3-4 urteko haurrentzat. Aurrez izena eman beharko da.
Apirilaren 19tik maiatzaren 9ra:
- Bookface argazki lehiaketa
- Helduentzat (+16)
- Informazio gehiago: www.arrasate.eus/biblioteka
Erakusketak:
Apirilaren 12tik 24ra, Kulturateko klaustroan:
- Arrasaste margo taldea.
- Astelehenetik zapatura: 17:30-20:30.
Zinea:
Zine emanaldi guztiak Amaia antzokian izango dira, 16:00etan haurrei zuzendurikoak eta 19:00etan helduei zuzendurikoak.
Haurren zinema:
Apirilaren 10 eta 11n, zapatua eta domeka:
- Barry, el rey de la disco.
Apirilaren 18an, domeka:
- Tess eta ni (euskaraz).
Apirilaren 25ean, domeka:
- Tom eta Jerry (euskaraz).
Helduen zinea:
Apirilaren 10 eta 11n, zapatua eta domeka:
- Nomadland.
Apirilaren 18an, domeka:
- El agente topo.
Apirilaren 25ean, domeka:
- Dardara (euskaraz)
Musika eta antzerkia: Go!azen kontzertua
Apirilaren 24an, 18:00etan Go!azen 7.0 taldearen emanaldia eskainiko da Amaia antzokian. Denboraldi honetako 6 aktore oholtza gainean arituko dira abesten, dantzatzen eta telesailari buruzko kontu dibertigarriak azaltzen. Sarrerak 10 euroko prezioa izango du eta aurrez hartu beharko da udalaren webgunean, Amaia antzokiko sarrerak atalean.