X. mendeko hilobia topatu dute Arrasateko Garagartza auzoko San Bizente ermitaren hondarretan

2018/01/31
Card image cap
Esku-hartze arkeologikoa urrian burutu zen eta hurrengo hilabetean Miamiko Beta Analytic laborategian hilobian jasotako laginaren datazio radiokarbonikoa

2016an hasitako lanei jarraiki, aurten ere Arrasate Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko Arkeologia Taldeak Arrasateko antzinako burdingintzaren eta populaketaren antolaketaren arteko erlazioak ezagutzeko lanekin jarraitu dute. Hautatutako lekuetan esku-hartze arkeologiko zehatz eta mugatuak eginaz aztarna berriak topatu eta baloratzea izan da helburua.

Horrela, 2016an ikertzen hasitako San Bizente ermitaren orubean (gaur egun hormen zimentuak baino ez dira gelditzen) tenpluari lotutako hilerririk ba ote zen jakin nahi izan dugu. Aurretik jasota genituen Erdi Aroko zeramikazko ontzi zatiak eta bagenekien historia luzea zuela elizak. Hala ere, gure galdera bestelakoa zen: posible al zen leku hartan beren hildakoak lurperatzen zituen giza-taldea bizitzea?

Itsas gainetik 425m gailentzen den tontorra da San Bizenteren kokalekua eta leku malkarra denez ez da leku egokia giza asentamentu bat egiteko. Hala ere, elizaren absidearen alboan harlauzaz eginiko hilobi baten aurkitu izanak gure usteak konfirmatu ditu eta jakin dugu 1000. urtearen inguruan bertan zegoen eliza herrixka baten erreferente izan zitekeela. Beste hitzetan, Arrasate hiribildu bihurtu aurretik bere inguruan bazirela ondorengo dokumentuetan agertzen ez diren elizate edo auzoak. Aurkikuntza honek garrantzi handia du Arrasateren eta Gipuzkoako gainontzeko herrien jatorria ezagutzeko.

Esku-hartzearen ardura Arrasate Zientzia Elkartearena eta Iosu Etxezarragarena (Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren izenean) izan da, eta lanaren  sostengu ekonomikoa Arrasateko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena izan da