VI. Takarraran emakume lasterketa maiatzaren 10ean izango da
2014/04/09Aurten ere Arrasateko Udalak “Takarraran neska korrika” (Berdintasun Sailak eta AUKEAk) antolatu du, hamabi urtetik gorako neska guztientzat. Aurtengoa seigarren edizioa da eta maiatzaren 10ean ospatuko da, festa giroan.
Izan ere, maiatzaren 10ean Arrasaten beste hainbat ekimen ere izango dira goizean zehar: 3X3 saskibaloia LEK, Laubide plazan; Zaldibar futbito txapelketa Zaldibarren; Sakabanaketaran aurkako ekimena, eguerdian, Zaldibarren pilota partidak burutuz eta, gainera, herrian zehar giroa jarriz, trikitilariak, batukada, taloak e.a.
Gizarte eredu berriak korrika
Takarraran lasterketarekin emakumezkoen kirol praktika eremu publikora atera nahi da eta aukera ematea bai korrikan errenditu gura dutenentzat, baita lagunartean goiz pasa edarra egin gura dutenentzat ere. Gizarteari buelta ematen dioten eredu berriak islatu nahi dira Arrasaten maiatzaren 10ean: ama korrika, izeko korrika, alaba korrika, arreba korrika…
Portaloian 12:00etan
Zalantza barik, maiatzaren 10ean Arrasaten goiz pasa ederra egiteko makina bat arrazoi badira. Eta ba ote da egun hoberik Arrasateko kaleak festa giroan, takarraran, emakumeek har ditzaten?
Horretarako gonbitea egin dute antolatzaileek; hamabi urtetik gorako neska guztiak anima daitezen. Lasterketa 12:00etan irtengo da Portaloitik eta alde zaharreko kaleetan zehar 3,5 km-ko zirkuitua egin ostean, Portaloian bertan bukatuko da. Parte hartzaile guztiei kamiseta bat emango zaie doan. Horrez gain, gura duenarentzat, lasterketa aurretik beroketa gidatua ere egongo da, AUKEAko monitore baten eskutik.
Izen ematea dohainik
Apirilaren 10etik aurrera eman daiteke Takarraran egiteko izena, Emakume txokoan, Kiroldegian eta BAZen, dohainik. Gainera, lasterketa egunean bertan ere eman daiteke izena, lasterketa hasi baino ordu eta erdi lehenagora arte.
Lasterketari buruzko informazio gehiago honako web orrietan duzue:
- www.herrikrossa.com (izena emateko aukera)
- www.lasterketak.com
Sariei dagokienez, honakoak banatuko dira: Podiumeko hiru sari, korrikalari gazteenari, korrikalari helduenari eta Takarraran egitera emakume korrikalari gehien ekartzen duen taldeari.
“Running” taldea lasterketa prestatzeko
AUKEAk “Running” hastapen taldea jarri du aukeran, korrikan hasi gura duten emakumeentzat edo Takarraran prestatu nahi dutenentzat.
Talde hau astearte eta ostegunetan elkartzen da 18:30etatik aurrera. Informazio gehiago 943 77 16 77 telefono zenbakira deituta dago eskuragarri.