"Vasco-Navarro trena Arrasaten" dokumentalaren aurkezpena

2019/04/03
Card image cap
Kulturateko areto nagusian 19:00etan aurkeztuko dute Udal Bibliotekak ekoiztutako dokumentala

2018an ehun urte bete ziren Vasco-Navarro trena Arrasatera heldu zela. Gure historiaren pasarte hori gogoratzeko, Arrasateko Udal Bibliotekak dokumental bat egin du.

Vasco-Navarro trenak lotu zituen Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa, 143 kilometroko burdinbidearekin. Leku bakoitzean jendeak izen bat eman zion: Transarlabaniano, Trenico, Cangrejero...

Obrak 1887an hasi eta 40 urtez luzatu ziren, arazo ekonomiko eta tekniko ugari sortu zirelako. Oztopoak gaindituta, oso tren modernoa eta garrantzitsua izan zen bere garaian; komunikazioa eta industria garapena bizkortu zituen, eta zeharo aldatu zuen herritarren bizimodua. Azkenengo joan-etorriak 1967an egin zituen.

Bibliotekak proposatzen du bidaia bat egitea tren horren historian zehar, eta horretarako gaur, apirilak 3, 19:00etan dokumentalaren emanaldia izango da, Olatz Bartolome liburuzain eta Javier Suso dokumentalistaren aurkezpenarekin.

Bihar, apirilak 4, ordu berean bigarren emanaldia egingo da Kulturaten. Goiena Telebistak ere dokumentala emango du apirilaren 9an. Bestalde, bibliotekan dokumentalaren DVDa dago maileguan eramateko moduan, eta web orrian ere ikusi ahal izango da online.