Uztaileko hirugarren zapatuko baserritarren azoka: uztailaren 21ean

2012/07/20
Card image cap

ZAPATUAN, HILAK 21, SEBER ALTUBEN AZOKA BEREZIA

2012an zehar Arrasateko Udalak  baserritarren azokak antolatzen dihardu, hileko hirugarrengo zapatuetan, goiz partean, Seber Altube Plazan.  Uztailekoa zapatu honetan izango da, uztailak 21, ohiko leku eta orduan (9:00etatik 14:00ak bitartean, gutxi gora behera)

Baserritarren azoka honetara postu asko etorriko dira, batzuk ohikoak, beste batzuk berriak:  Arrasate eta inguruko baserrietako denboraldiko produktuak, baseriko ogia, gazta eta abar, produktu ekologiko bariatuak (haragia, barazkiak, ahuntz, behi eta ardi gazta, ogia, sagardoa, etab.), Iparraldeko ahate deribatuak (foie, magret…), mermeladak, arrautzak, berduren kontserbak, gozogintza artisanala, bidezko merkataritzako produktuak…  guztira 17 postu.  Horien artean,  ohikoak ahaztu barik, etorri berriak aipatu: Jakion, Harreman, Goiuri Gozogintza (Izarra), Arimasagastiberri (Idiazabal), Biourkizu (Zestoa) eta Arnabar (Behenafarroa). 

Bestalde, ekaineko honetan bateratu dugu Baserritarren Azoka eta   Debagoiena Turismoak antolatutako Jardunaldi Gastronomiikoen baitan sasoian-sasoiko produktuen aldeko ekitaldi original bat, GARAION Natur-Artea-ren eskutik:  baserritarrei erositako barazkiekin brotxeta-eskultura bat egin, eta ondoren, plantxan erre eta bertaratuen artean, jan.  Ekintza hau publiko guztiari zuzenduta dago, eta bereziki gazteei, denboraldiko jaki freskoak kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzen laguntzeko.

 Eta azoka amaieran, beti legez, baserriko produktu sortaren zozketa egingo da bertatik pasatako erosleen artean. Ea zuri egokitzen zaizun  oraingoan!

Azoka eta gehiago, beraz, zapatuan goiz partean Seber Altube Plazan.  Hurbildu eta gozatu, eta bide batez, gure baserritarren produktuek eta ekoizpen sistemek aurrera egin dezaten lagundu. 

ARRASATEKO UDALA

ENPLEGUA ETA GARAPEN EKONOMIKO SAILA