Udal gobernuak urtebeteko lanaren balorazio positiboa egin du: “aldaketaren oinarriak ezarri ditugu”.

2024/06/18
Card image cap
Maider Morras Azpiazu alkateak elkarlana, gertuko politika eta talde balioa nabarmendu ditu

Maider Morras Azpiazu alkateak 2023ko ekainaren 17an hartu zuen udal agintearen ardura. Ordutik urtebete igaro den honetan, balorazio positiboa egin du, bere taldearekin batera, eta egindako lanaren berri eman du.

“Elkarlanaren printzipioan oinarritu gara hasieratik, eragile eta herritarrekin, eta horren eredu dugu hezkuntzan, kulturan edota esparru sozioekonomikoan lankidetzan martxan jarri ditugun egitasmoak. Gure eskerrik beroenak eragile guztiei”.

Gertuko politikagintza

Morrasek azpimarratu du gertuko politikagintza bat martxan jarri izana. “Auzoetako alkatetzak indartu ditugu, eta auzoen eta udalaren arteko etengabeko harremanerako partaidetza tresna bilakatu ditugu. Auzoen kezkak eta beharrak identifikatu eta haiek udalean hobeto kudeatzeko sistema berriak ezarri ditugu”.

Horren eredu jarri du auzoen eta herritarren beharrei erantzunez hartutako neurri hauek: Otalorako zebrabidea, Udalako parkinga txukundu eta kotxe aglomerazioa gutxitzeko autobus zerbitzu puntualak jartzea uztailean eta kirol ekintzetan, Musakolako gaztetxokoa bideratzea, eta Nagusien Kontseiluak eskatutako desfibriladoreen proiektua berraktibatzea.

Inbertsio handi bi eta mantentze lanen alde apustu egitea

Aurten obra handi biren oinarriak ezarri dira, agintaldi honetan eraikitzen hastea aurreikusitakoak; alde batetik, Amaia antzokiarena eta, bestetik, Iturripeko kiroldegiarena.

“Amaia antzokiaren eraberritze integrala aurreikusi gabeko proiektua izan da, baina gobernura sartu eta hurrengo egunean, euri jasa batek agerian utzi zuen azken urteetan egin gabeko mantentze lanen gabezia. Horren ondorioz, antzokiaren diagnosi osatu bat egin genuen, eta eraberritze integralari bide eman. Aurreikuspenen arabera, 2025eko urte amaieran hasiko dira lanak”.

Agintaldi honek izango duen proiektu nagusiena izango da Iturripeko kiroldegiaren gauzatzea. “Agiriak dagoeneko eginak daude, eta datozen egunetan onartuko dira batzordean; beraz, uztaileko lehen hamabostaldian proiektua idaztea lehiaketara aterako da. Dena ondo bidean, urte amaierarako proiektua adjudikatuta izatea espero dugu”.

Kirolean, baina, bestelako inbertsio eta mantentze lanak egin dira urtebete honetan, besteak beste: errugbi zelaia berritzea, Mojategiko garbiketa integrala egitea, igerilekuko aldagelen lurra aldatzea, Uarkapeko frontoian berritze lanak egitea eta Antoñako frontoian segurtasunezko konponketak egitea. Horrez gain, uda honetan berrituko dira atletismo pista, Musakolako kiroldegi lehorreko aldageletako lurra, saunan eta igerilekuan konponketak egingo dira. Gainera, Mojategin led argi berriak jarriko dira. “Musakolako kiroldegi berria egin bitartean, mantentze lanak zerrendatzen eta prestatzen ere aritu gara igaro berri den urte honetan”.

Ikusiezina den politikagintza martxan

Udal gobernuak azpimarratu du “ikusezina” den politikagintza “lehen lerrora ekarri izana”. “Ohituta gaude materialak diren politikak ikusgarriak izatera. Baina badira herritarren bizi baldintzak hobetzeko bestelako politikak, politika ikusezinak, lehen begi kolpean baina gizarte guztiaren ongizatean nabarmentzen direnak. Politika horiek aktibatzen izan gara urte honetan, eta horien artean daude: Aniztasun eta Bizikidetza Plan berria, LGTBI+ pertsonen bizitza duinak bermatzeko plana, hezkuntza diagnosia, udalaren barruan politika feministak zehar lerroan lantzea, zaintza aholkularitza zerbitzurako udal batzorde teknikoa eratu da, eta Arrasaten osasun ekosistema martxan jartzea, osasunaren mahai teknikoa martxan jarriz eta desfibriladoreak herri osoan jarriz”.

Politika fiskal berria martxan jarri izana ere nabarmendu dute: neurri fiskalak onartu dira tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko eta dirulaguntza berriak onartu dira egoera zaurgarrian daudenen ohiko etxebizitzaren zerga (OHZ) ordaintzeko.

“Euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean, bi urrats nagusi eman dira euskara komunikazio eta lan hizkuntza bezala sustatzeko, alde batetik udaleko barne erabilera plan berria martxan jarri da eta, bestetik, esparru sozioekonomikoan eragiteko, HARIXA egitasmoa aktibatu da, eskualdeko beste herriekin batera”.

Etorkizuneko hiri jasangarrirako urratsak

Udal gobernua hasia da datozen hamarkadetan biziko dugun herria diseinatzen, eta, horretarako, “Arrasate Zeharkatuz” partaidetza ekimena abiarazi da. Lehen urratsa izan da Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzea, baita ere, Gudarien plaza berritzeko proiektua egitea eta Azpiegitura Berdeen Mapa egitea. “Herri eredua definitzearekin batera, berrurbanizazio obren exekuzioak ere jarri ditugu martxan, adibidez, Altamirako berrurbanizazioko lehen fasea, eta Santa Teresako eta Doneztebe Portuko berrurbanizazio, irisgarritasun eta etxeen eraberritzeekin jarraituz”.

Azkenik, politika ekologikoen bidean ere, gobernutik martxan jarri da natura bideak konpontzeko adjudikazioa, eta amaitzear daude baso sailak erosteko agiriak; “horrek aukera eskainiko digu naturaguneen kudeaketa jasangarriago bat egiteko”.

Taldearen balioa

EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek adierazi dute koalizio gobernua osatzen duten alderdi bien harremana eta balorazioa “oso ona” dela, eta elkarlan horretan sakontzen jarraituko dutela, “sintonia onean eta elkar zainduz”.

Amaitzeko, Morras alkateak gobernu taldea osatzen duten kide guztiak goraipatu ditu. “Gobernua osatzen dugun 11 zinegotzion inplikazioa erabatekoa da, horri esker proiektu askoren gauzatzea ikusten ari gara. Herrigintzan sinesten dugu, eta horrek motibatzen gaitu. Herri honekiko konpromisoa erabatekoa da. Herri bizi bat dugu helburu, eta gobernu bizi bat dugu martxan” amaitu du.