Urtean 2 miloi litro ur gastatzen dituen Garagartzako ibilgailuen garbitokian egokitzapenak egingo ditu Arrasateko udalak

2019/12/09
Card image cap
Sistema horren bitartez, aurrerantzean garbitokia erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitateko txartela (zabor zerbitzuaren txartela) aktibatzea

Gaur egun Garagartzako ibilgailuen garbitokia irekia da, hau da, guztira 7 mangera daude bertan, ibilgailua garbitzeko edonorrek erabil ditzakeenak. Erabilera ireki horrek ordea, erantzukizun gabe jokatzea dakar eta ur kontsumo neurrigabea sortzen du. Izan ere, urte batean garbigunean egiten den ur kontsumoaren bataz-bestekoa  2 milioi litrokoa da. Azken urtean (2018an), esaterako, 2.151.000 litro ur kontsumitu ziren eta 2017an 2.054.000 litro. Horren arabera, hilero egiten den ur kontsumoaren bataz-bestekoa 180.000 litrokoa da eta aurten, jada, azken hiru-hileko ur kontsumoa 576.000 litrokoa izan da.

Hori horrela izanik, jasangarritasunaren aldeko apustuan eta herritarrek ur kontrolaren inguruko kontzientzia hartu dezaten, Arrasateko Udalak hainbat egokitzapen egingo ditu bertan.

Lehenik eta behin, gaur egungo mangera zaharrak kendu eta berriak jarriko ditu. Hauek, lau kaleak inguratzen dituen egituran jarriko ditu zintzilik (kale bakoitzean bana) erabiltzaileen erosotasunerako. Era berean, ur kontsumoa neurtu eta erregulatzeko sistema ere jarriko du martxan, esan bezala, garbitokia jasangarriagoa izan dadin eta erabiltzaileek erantzukizunez erabil dezaten.

Sistema hori erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitatearen txartela, hau da, organikoaren eta errefusaren edukiontzia zabaltzeko txartela izatea. Txartel hori BAZen aktibatu beharko da lehenbizi, kontrako kasuan ezingo baita garbitokia erabili.

Era berean, erabiltzaile bakoitzak hileko litro kopuru mugatua izango du ibilgailua garbitzeko, hain zuzen 2.500 litro. Kotxea garbitzeko erabili ohi den bataz-besteko ur kopurua 500 litrokoa da ( INE-ren datuen arabera), beraz, erabiltzaile bakoitzak hilero 5 aldiz garbituko ahal izango luke autoa. 

Horiek horrela, sistema hori abiarazteko, egungo txabolan makina berri bat jarriko du Udalak. Bertan, ibilgailua garbitzerako orduan, erabiltzaileek lehenbizi hizkuntza aukeratu eta ondoren txartela hurbildu beharko dute sistema martxan jartzeko. Behin hori eginda, kalea aukeratu eta garbiketa balioztatzean, aukeratutako kaleko mangera jarriko da martxan. Hori egitean, erabiltzaile bakoitzak erabilgarri dituen litro kopurua ikusi ahal izango du. Behin garbiketa amaituta, sistema itxi beharko da horretarako berriro txartela pasaz. Erabiltzaileari hori egitea ahaztuko balitzaio, ordubete pasa ondoren sistema automatikoki itxiko da.

Neurri berri horren bitartez, Arrasateko Udalak garbitokiaren erabilera eta ur kontsumoa neurtu nahi izan ditu, jasangarritasunaren eta ingurumenaren mesedetan, erantzukizunez jokatuz eta arrasatearrak lehenetsiz.