Urritik aurrera Arrasaten ere eskuratu ahal izango da MUGI txartela

2019/09/18
Card image cap
Mugikortasun jasangarri eta iraunkor baten aldeko apustuan, Arrasate MUGIpuzkoa ekimenera atxiki da eta urritik aurrera, garraio publikoko Mugi txartela tramitatzeko zerbitzua eskainiko da herrian bertan

Aste honetan zehar Arrasate Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzen ari da eta horren baitan, gaur goizean, MUGIpuzkoa ekimena aurkeztu du, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin batera. 

Aipatu ekimena garraio publikoaren erabilera indartu eta sustatze aldera jaiotako ekimena da. Helburua da ibilgailu pribatuen erabilera murriztu eta garraiobide publikoak erabiltzaileentzat aukera erosoago, merkeago eta eraginkorragoak bilakatzea. Erronka, aldiz, garraio publiko ezberdinen (autobusa, bizikleta, trena…) arteko konbinazioak erraztu eta bata bestearen osagarri gisa eskaintzea.

Ildo horretan, Arrasatek, mugikortasun jasangarri eta iraunkorraren alde egiten duen apustuan, aipatu ekimenera atxiki da. Horri esker, urritik aurrera, txartela bera eskuratu ahal izango da herrian bertan.

Horiek horrela, interesdunek udal Gazte Bulegoan izango dute tramite guztiak egiteko aukera. Era berean, txartelaren erabileraren inguruan izan ditzaketen zalantza edota kezka guztiak argituko dira eta ekarpenak egiteko aukera ere izango dute bertan.

Arrasate garraio publikoa sustatzeko etengabe lanean

“Arrasate oso ondo komunikatuta dago bailarako herri desberdinekin baita hiru lurraldeetako hiriburuekin ere eta hori horrela izanik, urtetik urtera areagotu egin da garraio publikoaren erabilera”, adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. Gaur egun, esaterako, 10.950 lagunek dute jada Mugi txartela Arrasaten eta aurten dagoeneko beste 409 herritar gehiagok eskuratu dute. Horrela, 2019an zehar, 249.031 bidai kontabilizatu dira dagoeneko Mugi txartelarekin eginak.

“Arrasatearrak garraio publikoaren erabiltzaileak dira, baina edozein kasutan, oraindik lanean jarraitu behar dugu herritarrek garraio publikoa autoaren gainetik lehenetsi dezaten. Horregatik, gure helburua da mugikortasun sistema iraunkor baten alde urratsak ematen jarraitzea eta herritarrei, garraiobide horiek erabiltzen jarraitzeko erraztasunak ematea, guztien artean, jasangarritasunaren alde egin dezagun”, amaitu du alkateak, Maria Ubarretxenak.