Urriaren 31ra arteko epealdia ‘Txikiak egiten gaitu haundi’ kanpainaren 7.500 erosketa bonoak erosi eta erabiltzeko

2020/10/05
Card image cap
Covid-19a dela-eta udalak urriaren 31ra arte luzatu du dirulaguntzak eskatzeko epea, ematen direnak herriko establezimenduak beharrezko diren higiene eta babes neurrietara egokitzeko. Eskaerak telematikoki izapidetu daitezke https://txikiakegitengaituhaundi.eus-en edo BAZen.

Joan zen irailaren 7an Arrasateko Udalak berriro ere salgai jarri zituen ‘Txikiak egiten gaitu haundi’ kanpainaren erosketa bonuak, abian jarri zena herriko negozioei itxialdiak ekarritako krisiari buelta ematen laguntzeko. Urriaren 31ra bitartean erosi eta erabili daitezke. Udalean bertan eta BAZen egin behar da erosketa.  

Bigarren sorta honetan 7.523 erosketa bonu atera dira, eta horietatik jada salduta daude 5.640 bonu. Bonuek aurrekoen baldintza berberak dituzte: herritarrak 10 ordainduta 30 euroko balioa eskuratzen du. Familia bakoitzeko bat edo bi eskura daitezke unitateko kideen arabera. Aurreko sortan bonuak erosi dituenak ere parte hartu dezake edizio berrian.

Bonu bakoitza hiru frakzioz osatuta dago: 5 €, 10 € edo 15 €. Frakzio bakoitza zatiezina da.  Bonuak trukatzeko, nortasun agiria aurkeztu beharko da aldi berean.

Arrasateko establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira: denda edo zerbitzuak. Kanpainatik kanpo geratuko dira azalera handiko saltokiak, loteria eta bestelako joko establezimenduak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak eta janari dendak.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo web orrialde honetara: www.txikiakegitengaituhaundi.eus.

 

Covid-19a dela-eta udalak urriaren 31ra arte luzatu du dirulaguntzak eskatzeko epea, ematen direnak herriko establezimenduak beharrezko diren higiene eta babes neurrietara egokitzeko.

Arrasateko Udalak dirulaguntza lerro bat jarri zuen abian irailaren 16an Covid-19a dela-eta herriko establezimenduak beharrezko diren higiene eta babes neurrietara egokitzeko. Udal gobernuak eskaera epea luzatu du urriaren 31ra. Eskaerak telematikoki izapidetu daitezke txikiakegitengaituhaundi.eus-en edo BAZen.

Dirulaguntza lerro horren helburua da material erosketak eta inbertsioak finantzatzea, COVID 19aren pandemiaren ondorioz herriko saltokiek egin dituztenak eta egingo dituztenak, beharrezkoak diren higiene edo babes neurri bereziak ezartzeko. Laguntzak dira euren zerbitzua emateko bezeroak aurrez-aurre artatzen dituzten establezimenduentzat, COVID 19ari lotutako alarma egoeran itxita egon direnak, edo zabalik egon direnak baina aurreko urteko epealdi berekoarekin alderatuta, gutxienez % 40ko fakturazio beherakada izan dutenak.

Laguntza lerro honen bitartez diruz lagunduko dira COVID 19aren pandemiagatik publikoa artatzeko establezimenduan ezarri beharreko higiene edo eta babes neurri berezi berriekin lotutako halako produktu, ekipo edo eta instalazioen gastuak:  

  • BEP (babes ekipo pertsonalak).
  • Produktu eta ekipo bereziak espazioak higienizatzeko.
  • Produktu eta ekipo bereziak salgaiak higienizatzeko .
  • Instalazio eta ekipo bereziak bezeroak eta establezimenduko langileak babesteko.
  • COVID 19ren pandemiagatik publikoa artatzeko establezimenduan ezarri beharreko higiene edo eta babes neurri bereziekin lotutako bestelakoak.

Programa honek lagunduko ditu 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko material erosketak edo inbertsioak. Gehienez, % 50 finantzatuko du, 500 euroko mugarekin, enpresa edo elkarte bakoitzagatik.

Laguntza hau #TxikiakegitengaituHaundi kanpainaren baitan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak txikizkako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako autonomo eta EPEen jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta COVID-19aren eragina minimizatzera, udalei bideratutako lerrotik finantzatuko da.