Ludotekak eta gaztetxokoak urrian irekiko dira, edukiera murriztuta

2020/09/18
Card image cap
Ludoteka urriaren 12an hasiko da zerbitzua zuzenean ematen, eta gurasoekin bilerak irailaren 18an egingo dira. Ate irekiak (irailaren 21 eta 22an), eta izen ematea (irailaren 30era arte). Taldeak urrian jakinaraziko dira.

Ludoteka eta gaztetxokoen zerbitzua bizi dugun egoera berrira egokituko dira ikasturte berrian, zerbitzu duin eta seguru bat emateko. Ludoteka urriaren 12an hasiko da zuzeneko zerbitzua ematen, eta gaztetxokoak irekiko dira urriaren 6an (auzoetakoak) eta 9an (erdigunekoa). Ludotekan eta gaztetxokoetan izena emateko epea irailaren 23tik 30era.

Gaztetxokoak: nerabeen garapen pertsonala ardatz

Auzoetako gaztetxokoak urriaren 6an irekiko dira eta erdiguneko gaztetxokoa urriaren 9an. 13 nerabe eta 2 hezitzaileko taldeak antolatuko dira.  Taldeak egingo dira nerabeen interes eta beharren arabera, orain arte bezala, eta ardatza izango da gazteak eta haien garapen pertsonala. Osatu diren taldeen berri emango zaie nerabeei Whatsapp bidez.

Egungo egoera dela-eta kanpoko espazioak lehenetsi nahi dira ekintzetarako, eta gaztetxokoak dinamikoak izango dira: izen ematea egongo da gutxi gorabeherako nerabe kopurua zein izango den jakiteko, eta horren arabera taldeak eta funtzionamendua moldatzen joango dira. Bestalde, hilean behin, aurrez izena emanda, aurreikusten da ekintza berezi bat antolatzea, eta herriko edozeinek parte hartu ahal izango du.

Gaztetxokoetan aurten izen ematea eskatuko da; erabiltzaileak izena eman ahal izango du irailaren 21etik 30era arte, horretarako gertatuko den web formulario baten bitartez.

Ludoteka martxan urriaren 12an

Ludotekako guneak egokituko dira egungo egoerara moldatu eta segurtasun neurriak betetzeko. Zuzeneko zerbitzua urriaren 12an hasiko da, baina gurasoei ludotekaren inguruko informazioa irailean emango zaie, auzo guztietan egingo diren bileretan. Egun bi egongo dira ate irekietarako, espazioa ezagutzen ez dutenek aukera izan dezaten espaziora bertaratzeko, betiere edukiera errespetatzen bada.

Ludotekan izena emateko: irailaren 23tik 30era eta aurrez aurre, ludotekara joanda. Ludotekan bertan egingo da izen ematea, eta eskudirutan egingo da. Hiru hileko izen emateak izango dira, eta hiru hilekoaren amaieran bazkide guztiei galdetuko zaie ea jarraituko duten.

Urriaren 9an jakinaraziko dira behin betiko taldeak, eta gehienez 13 haur eta bi hezitzailekoak izango dira.

 

Ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak udalak eskaintzen ditu Txatxilipurdi elkartearen bitartez.

Informazio gehiago gura izanez gero, irailaren 21etik 30era hezitzaileak egongo dira ludotekan edozein zalantza argitzeko.