Udaleko Euskara sailak hainbat zerbitzu eskaintzen du merkatarien artean, merkataritzan euskara sustatzeko

2024/09/27
Card image cap
Zerbitzu horien artean daude hizkuntza aholkularitza, dirulaguntzak edo hizkuntza prestakuntzako eskolak

Arrasateko Udaleko Euskara saila “Hizkuntza Zerbitzuen Katalogoa” ari da banatzen Arrasateko merkatarien artean.

Euskara zerbitzuak euskararen balio erantsia azpimarratzen du merkatariei bidali dien gutunean, euskarak duen garrantzia zerbitzua emateko orduan, eta bezeroen aldetik jasoko duten eskertza ere adierazten da. 

Hori ahalbidetzeko, udalak honako laguntza hauek eskaintzen dizkie merkatariei:

  • Hizkuntza aholkularitza: itzulpenak, zuzenketak…
  • Dirulaguntzak: errotuluak euskaraz jartzeko, webgunea …
  • Hizkuntza prestakuntza: euskara eskolak. Euskara erreminta garrantzitsua da bezeroei zerbitzua ematerako orduan. Gainera, ikastaro hauen bidez, bezeroekin harremanak euskaraz izateko beharrezko baliabideak eskainiko dira (3/4/5 ordu astean, urritik ekainera), eta betiere euskaraz hitz egitera animatzeko helburuarekin.

Arrasateko Udalak dirulaguntza bereziak emango ditu aurten ere euskara ikasteko: bekak, prezio bereziak langabe eta ikasleentzat…

Interesa dutenek, eta informazio gehiago nahi dutenek, urriaren 12a baino lehen helbide hauetara deitu edo idatzi beharko dute: Arrasateko Euskara zerbitzura (Amaia Arana Beitia) 943 25 20 08 telefonoan edo euskara@arrasate.eus helbidean. Edo Arrasateko Udal Euskaltegira 943 25 20 00 (370 luzapena) telefonoan edo euskaltegi@arrasate.eus helbidean.

“Merkataria bazara, ez pentsatu hainbeste eta etorri. Edo zure inguruan merkatariren bat baduzu, esaiozu orain dela momentua, etor dadila Udal Euskaltegira!” adierazi dute.

GuBeBai_Tabernariak_EU_a.jpg