Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaldi berria martxan da
2025/04/14
Arrasateko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoaren barruan kokatzen da abenduan onartu zen plangintza. 2024-2027 epealdian egongo da indarrean, eta, honako hau, VII. plangintzaldia izango da.
“Dokumentu oso teknikoa badirudi ere, bihotz handiko dokumentua da. Dokumentu horren helburu nagusi bakarra da gure Udalean, Arrasaten, eta gure herrian, Euskal Herrian, euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea” adierazi du Joseba Ezpeleta Euskara zinegotziak. Gaineratu du, “Gobernu Planean lehen urrats bezala jaso genuen Udal barrura begirako euskara plana eguneratzea, eta, behin hau eginda, herrira begirako euskara planean hasiko gara lanean”.
Eguneratzea eta berritzea
Besteak beste, aurreko planetan ezarritako ildoak egungo egoerara eta beharrizanetara egokitzen dira, orain arte emandako urratsak egonkortuaz, eta datozen urteotako lehentasunak ezarriaz. VII. plangintzaldiaren helburu nagusia da euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin urratsak ematen jarraitzea.
Helburu zehatzen artean aurkitzen dira:
- Planaren zeharkakotasuna erronka gisa hartzea.
- Erakundeko arduradunen inplikazioa eta lidergoa sustatzea
- Hizkuntza kudeaketa erakundearen kudeaketa orokorrean txertatzea.
“Erabilera irizpide berriak jarraituz, lan hizkuntza gisa euskara finkatzeko urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Langileen euskara maila, orokorrean, oso altua da, eta euskara zerbitzu hizkuntza izatea bermatuta dago. Lan hizkuntza euskara izateko neurriak ematen jarraitu behar dugu, besteak beste, langileei formazioa eskainiz edota motibazio saioak ahozko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko. Dena den, langileek egiten duten ahalegina eskertzekoa da” adierazi dute Aintzane Lasak eta Joseba Ezpeletak, euskararen udal teknikari eta zinegotzi, urrenez urren.
Hizkuntza irizpideen zabalkunderako liburuxka
Hizkuntza irizpideen zabalkunde egokia egiteko liburuxka berria egin eta aurkeztu du Udalak. Liburuxka hau, langile guztiei banatuko zaie, eta lanerako tresna izango dela bermatu dute. Izan ere, bi ardatz nagusitan dago banatuta, kudeaketa eta erabilera arauetan.
Liburuxka honen helburuei dagokionez, 3 puntu nagusitan definitu dituzte Udal ordezkariek:
Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta hizkuntza berdintasuna lortzea herritar horiek Arrasateko Udalarekin harremanetan jartzen direnean, horretarako behar diren ekintzak bultzatuz eta xede hori eragozten duten oztopoak gaindituz.
Euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea Arrasateko Udalean, euskara zerbitzu-hizkuntzaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin.
Arrasateko Udala euskararen normalizazioan eredu izatea eta jarraibideak eskaintzea gainerako erakundeei.
Ordezkari politikoen inplikazio eta lidergoa lantzeko apustua
Plan honek, herritarrak eta udal langileak interpelatzeaz gain, herritarren ordezkari diren politikariak ere interpelatzen dira. Horretarako, erakundeko arduradunen inplikazioa eta lidergoa lantzeko, martxoaren 27an, ordu eta erdiko saioa antolatu zen. Saioa EMUN aholkularitzak eman zuen, eta udal zinegotzi guztientzat izan zen. Dinamika honen helburua ordezkari politikoek jokatu behar duten rolaz jabetzea eta bere gain hartzea zen. Hauexek izan ziren landu ziren gaiak, besteak beste:
- Hizkuntza kontzientzia indibidual eta kolektiboa
- Aldaketarako jarrera, portaera, motibazioa eta erresistentzia
- Aldaketarako eragin eremuak eta planoak
- Aldaketaren antolaketa eta ardura
- Lidergo eraldatzailea
“Lan saio hau oso garrantzitsua izan zela uste dut. Batzuetan konturatzen ez bagara ere, herritarron ordezkari garenok eredu izan behar dugu gauza askotan, eta euskara ez da bigarren mailako kontu bat. Euskararekiko dugun jarrera eredu izan behar da herritarrentzat, eta oso ekimen baliagarria izan zen. Saioa konfiantzan eta giro onean garatu zen, eta alderdi guztien parte hartzea izan zen, asko pozten gaituenak” azaldu du Joseba Ezpeleta Euskara Zinegotziak.
Begi bat etorkizunean
Plangintzaldi berria bada ere, dokumentu hau nobedadea ez dela adierazi dute: “Dokumentu hau ez da nobedadea, Arrasateko Udala aspalditik ari da euskara sustatzen. Izan ere, aztertzen eta berritzen ez dena herdoildu egiten da. Asko egin eta aurreratu dugu azken hamarkadetan Arrasaten, euskaraz normaltasunez bizitzeko ahaleginean eta praktikan, baina bide luzea dugu oraindik eta, hori gutxi balitz bezala, erronka berriak areagotzen ari dira: digitalizazio ikusgarria, lurralde anitzetako pertsonen etorrera,…”
Halaber, Udalaren zeregina plan honetatik harago doala ere aipatu dute. “Herrira begira, Arrasateko euskalgintza osatzen duten elkarte eta pertsonekin elkarlanean ari gara, eta, besteak beste, GEIKEren bidez indarrak batu nahi ditugu, ditugun erronkei arrakastaz heltzeko, besteak beste etortzear den Euskaraldiko edizio berrian edota martxan jarriko den AROA ekimenean” azaldu du Ezpeletak.
AROA plana: herrira begirako plan berrian lanean
Behin Udal barrura begirako euskara plana zehaztuta, kanpora begirakoa ere eguneratzeko lanei ekin dio Udalak. Arrasaten euskaraz normaltasunez bizitzeko aukerak areagotzeko plana egingo du Udalak, AROA izena hartuko du, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako izena, tokiko plana egiteko abiapuntu izango dena. Honekin, Udalak bi oinarrizko bi planak eginak izango lituzke, bata Udal barrura begirakoa, eta, bestea, herrira begirakoa. Herriko euskara plana, GEIKErekin eta herriko eragilerekin landuko da, eta euskara gehiago egiteko ildo garrantzitsuenak definitzea da asmoa.
Euskaraldia ate joka
Euskararaldiaren 4. edizioan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak. Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala da, eta aurten maiatzaren 15 eta 25 bitartean egingo da Euskal Herri osoan. Arrasateko Udalak eman du izena entitate moduan Euskaraldian parte hartzeko, eta Arrasateko euskalgintzarekin batera dabil antolaketa eta zabalkunde lanetan. Dagoeneko 155 entitate baino gehiagok eman dute izena eta Arrasateko udalak gainerako entitateak animatu nahi ditu ariketan parte hartzera.
Euskaraldian parte hartuta, Arrasateko udalak euskararen erabileran urrats berriak emateko aukera izango du. Bertako kide guztiak, lankideak zein bestelakoak, euskara gehiago erabiltzera gonbidatuko ditu.
Izena eman duten entitateek honako gutxieneko konpromiso hauek hartzen dituzte:
- Entitateko kideei belarriprest eta ahobizi rolen berri eman eta kideak rol horiek hartzera gonbidatu.
- Euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eta baliabideak kideen eskura jarri.
- Entitatea ariketan parte hartzen ari dela ikusgarri egin: espazioak apaindu, txapak banatu, eta barne zein kanpo komunikazioetan Euskaraldia zabaldu.