Udala auzoan kotxe pilaketarik ez izateko, Arrasateko Udalak errepidea itxi eta doako autobus zerbitzua jarriko du.

2024/04/12
Card image cap
Argazkia: Mondraitz
Autobusa 8:00etatik 14:00etara egongo da etengabe gora eta behera. Errepidea 08:30etik 12:30era itxiko da.

Arrasateko Udalak jakinarazi du Udalarako errepidea domekan itxita egongo dela 8:30 eta 12:30 bitartean, Mondraitzek antolatzen duen Arrasate-Udalatx mendi lasterketagatik.

Arrasateko Udalak hainbat neurri hartuko ditu, segurtasuna bermatu eta azken urteetan sortu diren trafiko arazoak saihesteko:

  • Udalan kotxe pilaketarik ez izateko, Arrasateko Udalak doako autobus zerbitzua jarriko du domekan, apirilaren 14an.
  • Autobusak Arrasate pasealekuan izango du irteera eta helmuga, Arimazubiko geltokian, etengabe ibiliko dira gora eta behera. Lehenak 08:00etan irtengo du Arimazubitik (Ikastola aurreko geltokitik), eta azkena 14:00etan jaitsiko da Udalatik.
  • Ondorioz, Udalarako errepidea trafikora itxiko da, hainbat salbuespenekin. Bakarrik hauek pasatu ahalko dira:
    • Auzoko bizilagunak
    • Behar bezala identifikatuta dauden antolakuntzako kideak
    • Larrialdi zerbitzuak
  • Errepide mozketak 08:30etik 12:30era iraungo du.

Arduraz jokatzeko deia

Azken urteetan sortu izan diren segurtasun arazoak eta kotxe pilaketak saihesteko, “segurtasuna bermatzeko, autobus zerbitzua ezartzea lehentsi dugu. Horregatik, dei egiten diegu herritarrei, arduraz jokatu eta kotxea herrian utzi dezaten, eta autobusa hartu dezaten Udalara igotzeko, etengabeko zerbitzua izango baita gora eta behera”.