Udalak gizarte-bazterkeria egoeran dauden arrasatearren lan munduratzea sustatzen dihardu ‘Lan-r-Bai’ ekimenarekin
2020/01/24Pasa den 2019ko martxoan ikusi zuen argia lehenengoz ‘Lan-r-Bai’ ekimenak, gizarte-bazterkeria egoeran dauden arrasatearren lan-munduratzea bilatzen duen ekimen berritzailea. 10 hilabete ostean, ekimenaren lehen ikasturtea amaitzear dira lehen 15 parte-hartzaileak, zeinak Hondarribia Kaleko 3 zenbakidun etxebizitzan eraman dituzten aurrera programa honek emandako jakintzak.
Hain zuzen, bertan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte bertan burututako bisita gidatu batean Maitane Muñoz Goikoetxea zinegotziak eta Javier Jimenez Lan-r-Bai programako hezitzaileak: “ikaragarria da egin duten lana. Hilabeteotan ikasi eta jakintza hori aplikatu dute hemen. Beren eboluzio pertsonalaren eta gizarteratze bidean eman duten aurrera-pauso itzelaren isla da”.
Zinegotziak azaldu duenez, programa honen bidez, gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei egokitutako prestakuntza-enpleguaren bidez “ibilbide integratzaile pertsonalizatuak sortzea” izan da helburua: “gizarte- eta hezkuntza- laguntzaren bidez, prestakuntza normalizatura edo lan-merkatura (babestua edo normalizatua) iristeko behar diren tresnak, baliabideak eta trebetasunak eskuratzea dugu jomuga; finean, egoera honetan dauden arrasatearrak gizartera eta lan mundura integratzea. Inor albo batera uzten ez duen herria delako Arrasate” berretsi du.
“Inklusio-ibilbidea da ‘Lan-r-Bai’ –azaldu du Maitane Muñozek. Arrasateko udalerrian bazterkeria moderatu-larrian dauden pertsonen beharretara egokitua dago. Ekimen guztiz berritzailea da, zeinak Udalaren babesaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Europar Batasuneko laguntza duen”.
2 urteko epealdia hartzen du proiektuak eta 30 pertsonentzako dago diseinatua, urteko 15. Adierazi eran, bazterkeria egoeran dauden arrasatearrak dira ekimen honen erabiltzaileak. Hala nola:
- Gipuzkoako Foru Aldundiko familia eta egoitza harrerako baliabideetatik atera diren 18-23 urteko gazteak.
- Pertsona helduak, Udal Bazterketako Helduen Gizarte eta Hezkuntza Arloko Esku Hartzeko Programatik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarteratze Sailaren Laguntza Espezializatuko Programatik parte hartzen dutenak.
- Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.
- Etorkinak edo gutxiengo etnikoak, bereziki emakumeak.
- Bazterturik dauden pertsonak, ezgaitasuna baloratua dutenak edo balorazio-prozesuan daudenak.
“Uste da pertsona horiek ez daudela prestatuta prestakuntza- eta enplegu-zirkuitu normalizatuetan integratzeko, eta programa hau aukera bat da alderdi pertsonalak, antolakuntzakoak eta harremanetakoak lantzeko, gero enplegu babestuaren eta/edo normalizatuaren bidez gizarteratzea bermatzeko” azaldu du Muñozek. Programaren onurak “agerikoak eta oso positiboak” direla adierazi du zinegotziak: “Udaleko gizarte zerbitzuetatik identifikatutako pertsonez gain, parte hartu duten pertsonek bizitako esperientziak animatu dituzte egoera berdinean zeuden beste batzuk bertara gerturatzera, pertsonalki zein profesionalki landu eta haztera”.
Programa 4 modulutan banatu da
1. modulua: Tutoretza eta prestakuntza ekintzak. Banakako tutoretzak burutu dira, aurrerapenen eta zailtasunen multzoa identifikattu eta, baita gizarteratze-ibilbidean aurrera egiteko orientabideak eta estrategiak eta ekintzak abian jarriz. Horrez gain, talde tailerrak burutu dira ere, prestakuntza eta lan munduratzeko ibilbidea diseinatu eta garatuz, bazterturik dauden pertsonekin batera, gizarteratze ibilbide osoan dituzten behar eta gaitasunen arabera.
Garatu da ere lan orientazioko oinarrizko prestakuntza. Bertan, prestakuntza edo lana bilatzeko garatu beharreko ekintza eta testuinguru nagusien transferentzia burutu da; hala nola, dokumentazioaren eguneraketa, kurrikuluma sortzea…
Modulu honen baitan ere hainbat tailer burutu dituzte parte-hartzaileek: zurgintza tailerra, balioetan heztea, laneko arriskuen prebentzioa, genero-ikuspegia, osasunerako hezkuntza, ingurumen-hezkuntza, edota informatika (IKTak).
2. modulua: Lanekoak ez diren lanbide praktikak. Gizarte berrikuntzako jarduketak garatzeko gaikuntza lantegiak: komunitateari laguntzera bideratutako baliabidea da, gizarte ongintzarako balioa emanez eta benetako beharrei erantzunez. Parte hartzen duten pertsonen auto-errealizazioa bultzatzea da helburua, prestakuntza arautuan, laneratzean edo lana bilatu eta laneratzeko ahaleginean laguntzen dien motibazioa berreskuratzeko. Animaliekin eta ingurumenarekin lotutako bi prestakuntza-proposamen landu dira: Albaitari laguntzailearen prestakuntza gauzatu da 2019an, eta ekimenaren hurrengo 15 parte-hartzaileekin Lorezaintzako oinarrizko prestakuntza gauzatuko da.
3. modulua. Jarraipena eta horri lotutako kudeaketa. Prestakuntza edo lana bilatzeko garatu beharreko ekintza eta testuinguru nagusien transferentzia egitea.
4. modulua. Parte-hartzaileei laguntza ekonomikoa ematea.
Martxoan amaituko da ‘Lan-r-Bai’ ekimenaren lehen urtea, eta bertako 15 parte-hartzaileei beste hainbeste arrasatearrek hartuko diete lekukoa, gizarte inklusioa eta lan munduratzea errazteko tresnak eta baliabideak lantzeko.
Bi urteko programa honen aurrekontu osoa 393.441 eurokoa da, 196.721 € urteko, eta Arrasateko Udalaren ekarpen ekonomikoaz gain, Europar Gizarte Funtsak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere babesten dute.