Udalak ez ditu igoko familiei zuzenean eragiten dieten tributuak, legeak behartutako zabor tasaren igoera arintzeko

2024/09/25
Card image cap
Ondasun higiezinen zergak, uraren tasak, ibilgailuen gaineko zergak eta TAOk ez dute igoerarik izango. Zabor tasa % 38 igoko da, legeak behartuta, legeak zerbitzua defizitarioa ez izatera behartzen baitu. Gainerako tasa eta prezio publikoak KPIren arabera igoko dira, aurten % 3ko igoera.

Datorren martitzenean, urriak 1, osoko bilkuran onartuko dira 2025eko Ordenantza Fiskalak. “Zerga eta tasaren eragite esparruaren araberako moldaketak proposatu dira, izan ere, zaborraren igoera legez herri guztiei dagokigun araua da. Bestetik, azken honen igoeraren aurrean, familiei zuzenean eragiten dien beste zerga batzuk ez igotzea proposatu dugu. Bestelako zerbitzuen kalitate egokia bermatzeko, KPIren araberako igoera proposatu dugu familiei zuzenean eragiten ez dieten zergetarako, aurten % 3an kokatzea aurreikusten dena” adierazi du Joseba Ezpeleta Irizar Ogasuneko zinegotziak.

Igoera nabarmenena zabor tasak izango du, legeak hala behartuta

Legeak hala behartuta, Estatuko udalerri guztietan zabor bilketaren zerbitzua ezingo da izan defizitarioa. Horrek zergaren igoera esanguratsuak ekarri ditu udalerri askotan. Besteak beste, Gasteizen % 85eko igoera izango da, Lasarten % 40koa eta Donostian % 26koa.

Arrasateren kasuan, gaur gaurkoz zerbitzu defizitarioa denez, udala behartuta dago % 38ko igoera ezartzera. Horren ondorioz, alderdi guztiak behartuta gaude legea betetzera eta tasa igo behar izatera.

Bizikidetza unitateei edo familiei zuzenean eragiten dieten tasak ez dira igoko

Zabor tasaren igoera arintzeko, udal gobernuak ez ditu igoko familiei zuzenean eragiten dieten tributuak. Honako tributu hauek ez dute igoerarik izango: Ondasun Higiezinen Zergak, etxearen jabetzagatik ordaintzen den zerga baita, uraren tasak, ibilgailuen gaineko zergak eta TAOren tasak.

“Aurten familia askok esfortzu berezia egin beharko dute zaborraren zerga ordaintzeko; beraz, bizikidetza unitateei eragiten dieten beste zerga horiek ez igotzea erabaki dugu. Datozen urteetan progresibitatea ezartzeko lanetan ari gara, gutxien dutenek gehiago ordaindu ez dezaten. Momentu horretan berrikusiko ditugu tasak”.

Gainerako tributuetan KPIren araberako igoera

Aurten egindako KPIren aurreikuspena % 3koa da; beraz, bestelako tributuetan % 3ko igoera ezarriko da. Horietako batzuk irabazien kasuan ezarriko dira, esate baterako, hiri lurren gehitzearen gaineko zerga (gainbalioa deritzona); eta jarduera ekonomikoen gaineko zergari ezarriko zaio.

“Zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiten den gutxieneko igoera da. Kiroldegiaren eguneroko gastuari aurre egiteko, eta mantentze inbertsioak egiten jarraitzeko, ezinbestekoa da zerbitzuaren defizita ez handitzea. Izan ere, kasu honetan, zerbitzuaren defizita azken urtean % 69ra arte igo da, eta egoera hori arriskuan dago kudeatuezin bilakatzeko. Kiroldegiaren abonuan, baina, hobariak mantentzeaz gain, % 25eko hobari berria izango da guraso bakarreko familientzat”.

Progresibitatea ezartzeko lanetan jarraitzen du udalak

Kiroldegiko abonuari eragiten dion hobari berriaz gain, hobarien kudeaketa sisteman berrikuntzak izango dira. Orain arte, eskatzaileek tributuen ordainketa osoa egin behar zuten, gero udalak dirua itzultzeko. Aurrerantzean eskatzaileek ez dute tributuaren ordainketa osorik egin beharko, eta behin hobaria onartuta, deskontuarekin kobratuko zaie.

“Gure konpromisoa progresibitatea ezartzea da, edo sistema progresiboari gerturatzen zaion zerga sistema bat. Ez da lan erraza, eta mekanismorik egokiena ezarri nahi dugu. Modu honetan, gutxien duenak ez du gehiago ordaindu beharko. Izan ere, zerga askok prezio finkoa dute, eta ez da berdina zerga horiek ordaintzea urtean 20.000 € irabazten duen pertsona batek, edo 50.000 € irabazten duenak. Esfortzua nabarmen handiagoa da gutxien irabazten duten horientzat. Espero dugu datozen urteetan zerga sistema berritzea” adierazi du Joseba Ezpeletak.

Oposizioarekin negoziaketa

Oposizioko alderdiekin negoziaketa zabaldu da azken asteetan, eta hainbat bilera egin dira. “PSE-EEk ez du negoziaketan parte hartu, eta azken momentuan eta berandu aurkeztu du proposamen xume bat. Bere aldetik, Jeltzaleekin, hainbatetan bildu gara udalaren eta EAJren proposamenak aztertzeko. Azken horiek ekarri dituzten hainbat proposamen dagoeneko jasoak genituen hasierako proposamenean, beste batzuk aplikaezinak ziren eta hala azaldu zitzaien, eta beste guztiak onartu ditugu, bat izan ezik. Emaitzak agerian uzten du gobernuaren jarrera eraikitzailea eta negoziatzailea izan dela”. Horregatik, Ezpeletak, “posizio maximalistak alboratu eta osoko bilkuran proposamenaren aldeko botoa ematera” animatu ditu jeltzaleak. Azkenean, EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo dute gaur egin den Ogasun batzordean.

“EAJk abstentzioa bozkatzeko arrazoi bakarra kiroldegiko tasa % 3 ez igotzea izan da. Guk argi genuen igoera hori beharrezkoa zela, alde batetik zerbitzua hobetzeko dagoen beharragatik, eta, bestetik, ezin delako utzi zerbitzuaren defizita handitzen. % 69ko defizita metatu baita azken urteetan, eta handitzen utziz gero, zerbitzua kaltetuko litzateke” azaldu du.