Udalak euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaldi berria izango du
2024/12/04Arrasateko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoaren barruan kokatzen da onartu berri den plangintza. 2024-2027 epealdian egongo da indarrean, eta, honako hau, VII. plangintzaldia izango da. Planaren alde bozkatu dute EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Arrasatek, abtenitu egin da PSE-EE.
“Dokumentu oso teknikoa badirudi ere, bihotz handiko dokumentua da. Dokumentu horren helburu nagusi bakarra da gure Udalean, Arrasaten, eta gure herrian, Euskal Herrian, euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea” adierazi du Joseba Ezpeleta Euskara zinegotziak.
Eguneratzea eta berritzea
Besteak beste, aurreko planetan ezarritako ildoak egungo egoerara eta beharrizanetara egokitzen dira, orain arte emandako urratsak egonkortuaz, eta datozen urteotako lehentasunak ezarriaz. VII. plangintzaldiaren helburu nagusia da euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin urratsak ematen jarraitzea.
Helburu zehatzen artean aurkitzen dira:
- Planaren zeharkakotasuna erronka gisa hartzea.
- Erakundeko arduradunen inplikazioa eta lidergoa sustatzea
- Hizkuntza kudeaketa erakundearen kudeaketa orokorrean txertatzea.
“Erabilera irizpide berriak jarraituz, lan hizkuntza gisa euskara finkatzeko urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Langileen euskara maila, orokorrean, oso altua da, eta euskara zerbitzu hizkuntza izatea bermatuta dago. Lan hizkuntza euskara izateko neurriak ematen jarraitu behar dugu, besteak beste, langileei formazioa eskainiz edota motibazio saioak ahozko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko. Dena den, langileek egiten duten ahalegina eskertzekoa da” adierazi dute Aintzane Lasak eta Joseba Ezpeletak, euskararen udal teknikari eta zinegotzi, urrenez urren.
Begi bat etorkizunean
Plangintzaldi berri bada ere, dokumentu hau nobedadea ez dela adierazi dute: “Dokumentu hau ez da nobedadea, Arrasateko Udala aspalditik ari da euskara sustatzen. Izan ere, aztertzen eta berritzen ez dena herdoildu egiten da. Asko egin eta aurreratu dugu azken hamarkadetan Arrasaten, euskaraz normaltasunez bizitzeko ahaleginean eta praktikan, baina bide luzea dugu oraindik eta, hori gutxi balitz bezala, erronka berriak areagotzen ari dira: digitalizazio ikusgarria, lurralde anitzetako pertsonen etorrera,…”
Halaber, Udalaren zeregina plan honetatik harago doala ere aipatu dute. “Herrira begira, Arrasateko euskalgintza osatzen duten elkarte eta pertsonekin elkarlanean ari gara, eta, besteak beste, GEIKEren bidez indarrak batu nahi ditugu, ditugun erronkei arrakastaz heltzeko”.