Udalak eta Udaltzaingoak beste iruzur baten berri eman diete merkatariei eta dendariei
2024/05/23Arrasateko Udaltzaingoak iruzur berri baten salaketa jaso du azken astean. Kaltetuak, kasu honetan, Arrasateko merkatariak dira, eta iruzurgilea da ustezko pakete banatzaile bat.
“Iruzurgileak komertzio batera deitzen du telefonoz, eta esaten du ohiko bezero bat dela. Dendariarekin konfiantza sustatzeko, datu pertsonal batzuk ematen dizkio, besteak beste, izena, “Aitor” azken kasuan, edo ezagunak direla aditzera ematen duten datu pertsonalak. Dendariari esaten dio ustezko banatzaile batek pakete bat utziko diola, eta horren inguruko xehetasunak ematen dizkio; azken kasuan adierazi zion intsulina kaxa bat izango zela, eta, ondorioz, hozkailuan egon behar zuela buruz behera. Azkenik, dendariari eskatzen dio mesedez paketearen eta ordainketaren kargu egiteko. Azken kasu horretan, dendariak 62 euro ordaindu zuen” adierazi du Udaltzaingoak.
Gomendio batzuk iruzurrik ez izateko
Arrasateko Udalak eta Udaltzaingoak gomendio hauek egin dizkiete dendariei, iruzurrari aurre egiteko:
- Pertsona ezezagunen paketerik ez jasotzea
- Dendariek inoiz ez dezatela paketerik ordaindu
- Zalantzaren bat edo susmoren bat izanez gero Udaltzaingoarekin harremanetan jartzea