Udalak eta Ibaiartek hitzarmena sinatu dute Arrasateko merkataritzari bultzada emateko.

2014/06/27
Card image cap
2009.enetik, urtero sinatzen dute lankidetza hitzarmen hau, elkarrekin urte osoan zehar garatzeko ekintza plan bat adosten dute Udalak eta Merkatari elkarteak.

Hiriguneko merkataritza sektorea indartzea Arrasateko Udalaren eginkizuna da, eta bere sail desberdinen bidez gauzatzen du betebehar hori. Eta horri lotuta dator aurten seigarren aldiz Udalak Ibaiarterekin sinatu duen lankidetza hitzarmena. 2014. urterako hiri merkataritza suspertzeko akordioa sinatu dute Arrasateko alkate,Inazio Azkarragaurizarrek eta Ibaiarteko presidente, Gabino Yarzak. Beraiekin batera izan dira ere Joserra Askasibar, Enplegu eta garapen ekonomikorako zinegotzia  eta Jesus Mari Elkoro, Ibai-Arteko zuzendaritzako kidea. 

Udalak 31.000 euroko ekarpena 

Apirilean aurkeztu zion Ibaiartek Udalari 2014rako Ekintza plana eta maiatzean onartu zuen Udalaren Tokiko Gobernu batzarrak plan hori burutzeko lankidetza eskaintzea. Honakoak dira 2014an zehar Arrasateko merkataritzari bultzada emateko planteatzen diren ekintzak: 

  • Merkemerkaua 2014
  • Merkataritza Berdearen Astea
  • Gabonetako kanpaina
  • Ibai Arte txartela
  • Ibai Arte Web orria / Facebook
  • Ibai Arte eguna/jaia
  • Arrasate irekia
  • Mundumira
  • Ibai Arteko banderak
  • Prestakuntza
  • Beste ekimen puntual batzuk: “Ardo bira”, “Harreman tonbola”, “Erakusleiho lehiaketa”, “Baserritarren azokak”.

Udalak, aurten ere, 31.000 euroko ekarpena egingo dio Ibaiarteri Plan hau burutu dezan eta, era berean, Merkatari Elkarteak adierazitako ekimen guztiak burutzeko konpromisoa hartu du. 

Bestalde, esan Ibaiartek merkataritza teknikari baten laguntza duela sektorea suspertzeko ekimenak antolatzeko. 2013ko Merkataritza Dinamizazioa programaren eskutik dator laguntza hau. 

Euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa

Merkataritza sektore estrategikoa da euskararen normalizazioan eta horren jakitun izanik, eta Arrasatearrei eskaintzen zaizkien zerbitzu guztiak euskaraz ere emango direla ziurtatzeko, Merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko plana du abian. Horregatik, hitzarmen honetan, Ibaiartek konpromisoa hartu du 2014ko Ekintza Planarekin lotutako mezu idatziak eta jendaurreko ekitaldiak euskaraz edo ele bietan egiteko. Eta ele bietan denean, euskarari lehentasuna emango dio era nabarmenean.