Udalak aurrera eramandako muzibar-arbolapeta arteko berrantolaketaren inguruko informazio prozesuak izugarrizko arrakasta izan du
2016/03/10Muzibar-Arbolapeta kaleen arteko berrantolaketa aukeren inguruko erakusketa eta bisita gidatuak gauzatu ditu Arrasateko udalak otsailean zehar. Bisita gidatuetan parte hartzeaz gain, aukeren inguruko informazioa jaso ahal izan dute herritarrek Kulturaten eta beren iritzia emateko, bozkatzeko eta iradokizunak egiteko aukera ere izan dute arrasatearrek.
Abian jarritako informazio prozesuak izugarrizko arrakasta izan duela nabarmendu du Udalak, herritar kopuru oso handiak parte hartu duelako. Bisita gidatuek oso harrera ona izan dute herritarren artean, 531 lagun gerturatu baitira bisita gidatuen bitartez berrantolaketa honek ekarriko dituen aldaketak lehen eskutik ezagutzera. Era berean, Arrasatearrek gustukoen zuten proposamena bozkatzeko eta iradokizunak egiteko aukera ere izan dute. Horiek horrela, guztira, 433 bozka jaso dira, Kulturate izanik bozkatzeko biderik erabiliena, eta 90 proposamen inguru bildu ditu udalak. Orain, horiek aztertzeari ekin diote udal ordezkariek.
Udalak gogorarazi du, oinezkoei dagokienean, eremu honek dituen gabezia eta beharrei erantzuteko sortutako proiektua dela herritarrei aurkeztutakoa. Berrantolaketa proiektuak aldaketa nabariak eragin dezake herrian aukeratzen den proiektuaren arabera. Horregatik, udalak, herritarrak inplikatu eta beren iritziak eta proposamenak gertutik ezagutu nahi izan ditu martxan jarritako egitasmo honen bitartez. Prozesuko hurrengo urratsetan ere, udalak, herritarren partaidetza sustatu eta ahalbidetuko duela berretsi du.
Horren harira, udaletik adierazi dute “eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, beren bozka eta ekarpenengatik eta orohar, prozesuan parte hartzeagatik” eta jakinarazi dute ekarpen horiek guztiak zehaztasunez aztertu ondoren, informazio saio berriak antolatuko dituztela.
Dagoeneko, jasotako iradokizunen lehen irakurketa bat egin du udalak eta bertako bizilagunei lehentasuna ematea eskatu dute zenbait herritarrek, berrantolaketak, bereziki, eremu horretan bizi diren arrasatearrengan izango duelako eragina. Eskaera horri erantzunaz, apirilean, udalak adierazi duenez “bertako bizilagunekin bilduko gara lehenengo proiektuaren nondik-norako guztiak zehaztasunez azaltzeko eta proposamenen berri emateko. Ondoren, herritar guztiei luzatuko zaie deialdia eta beste informazio saio bat egingo da”.
Era berean, epe luzerako proiektua denez, bilera horietaz baliatuko da udala datozen urratsak zeintzuk izango diren herritarrei azaltzeko.