Udalak Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin 4 urtetarako hitzarmena sinatu du Jokin Zaitegi itzulpen beka antolatzeko

2016/04/07
Card image cap
Hitzarmen honek helburu du AED elkartearen eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlana sakondu eta areagotzea eta Jokin Zaitegi itzulpen beka 4 urtez bermatzea

Prentsaurrekoan ezagutzera eman dute Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Eñaut Muxika Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen presidenteak sinatu berri duten hitzarmena. Ubarretxenak azaldu duenez  2012. urtean antolatu zen azkenekoz Jokin Zaitegi beka, ordu arte sariketaren babesle nagusia zen Kutxa Fundazioak laguntzeari utzi eta gero. Hala, 2016 honetan, Arrasateko Udalak, euskararekin eta euskara sustatzearekin duen konpromiso irmoari helduta, sariketa berriro abian jartzea ahalbidetu du, hurrengo lau urteetan beka deitu ahal izateko diru-laguntza emateko konpromisoa hartuz eta AEDrekin horretarako elkarlan hitzarmen bat sinatuz. “Gure hizkuntzari, Arrasaten, merezi duen leku eta garrantzia eman nahi diogu eta horretarako, ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta erabileraren aldeko urratsak ematea. Hain zuzen, helburu horren pean kokatzen dugu sinatu dugun elkarlanerako hitzarmena” adierazi du alkateak.

1986 urteaz geroztik, Arrasateko Euskaldun Dezagun Elkarteak Jokin Zaitegi itzulpen sariketa ezaguna antolatu izan du. Sariketa honek euskarazko itzulpengintza bultzatzeko ibilbide luzea du egina eta ekarpen oparoa egin dio itzulpengintzari. 2001. urtean, sariketak, jauzi kualitatibo garrantzitsu bat eman zuen, ordu arteko itzulpen laburrak plazaratzeko helburua atzean utzi eta  Literatura Nobel saridunen obra euskarara ekartzea xede hartuz, beka formatua hartuta. Harrezkero, Jokin Zaitegi bekak munduko literaturarik onena euskaraz irakurtzeko aukera eskaini die arrasatearrei zein, oro har, euskaldun guztiei. “Alkateak esandako moduan, bi urtez geldirik izan da beka, berau aurrera atera ahal izateko finantzazioa bilatzen aritu izan garelako. Eta, alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiogu Udalari, gaur sinatzen dugun hitzarmenaren bitartez, sariketari etorkizunerako arnasa emateagatik” azpimarratu du Eñaut Muxikak.

Alkateak, AED elkarteak egindako lan eta ekarpena balorean jartzeaz gain, nabarmendu du, udalak, ezinbestekoa duela herriko eragileekin elkarlanean jardutea. “Udalak, nahitaez, Arrasateko eragileekin batera egin behar du lan eta euskararen normalizazio eta sustapenaren alde lanean aritzen diren kultur elkarteak babestu behar ditu eta laguntza eskaini behar die,  elkarrekin, euskararen alde egiteko eta euskarari dagokion lekua emateko” gehitu du. Gauzak horrela, hitzarmenak helburu bikoitza du, batetik, Jokin Zaitegi itzulpen beka 4 urtez bermatzea, eta bestetik, AED eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlana sakondu eta areagotzea.

Amaitzeko, Maria Ubarretxenak euskararekin duen konpromisoa berretsi du eta esan du hitzarmen hau ez dela euskararen alde eta euskararen erabilera sustatzeko aurrera eramango den ekimen bakarra izango.