Udalak 19 langabe kontratatu ditu 2021/22 Enplegua Sustatzeko Planaren barruan
2022/01/20Irailean abian jarritako 2021/22 Enplegua Sustatzeko Planaren esparruan, eta 2020/21eko herritarren brigaden esperientzia pilotuari jarraipena emanez, Arrasateko Udalak 19 langabe kontratatu ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin. 347.277,32 euro erabiliko dira kontratazio horiek egiteko. Ekimenaren helburua da langabeen laneratzea bultzatzea eta erraztea, enplegu aukerak eskainita udalerriko garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko. Arrasateko Udalak tinko jarraitzen du enplegua sustatzearen alde, eragin guran pertsona ahulenen alde.
19 kontratu: 12 emakume eta 7 gizon
19 kontratu horietatik, 17 kontratu gorde zaie langabeei, oro har; horietatik 6 kontratu dagozkio kaleko laguntza brigadari, 4 kontratu natura guneak mantentzeko brigadari, 3 kontratu lorezaintza indartzeko brigadari eta 4 kontratu eraikinak garbitzeko errefortzu brigadari. Kontratu horiek guztiek 5 hileko iraupena dute. Sexuen arabera, 10 emakume eta 7 gizon daude; horietatik 6 dira 55 urtetik gorakoak, eta 3 dira DSBEaren titularrak edo onuradunak. 17 kontratu horien kostuak estaltzeko, 257.166,13 euroko aurrekontua behar da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Arrasateko Udalak finantzatua. Jarraian, brigada horietako bakoitzaren ezaugarriak eta funtzioak deskribatzen dira:
- Kaleko laguntza brigada (6 kontratu): herritarrei informazioa ematea, herritarrei arreta ematea, aisialdiko eremuetan herritarrei informazioa ematea, hiri altzariek udal-zerbitzuetan duten egoerari buruzko informazioa ematea, udal dokumentuak eroatea (zirkularrak, bandoak eta abar), ikastetxeetako haurrei hainbat jardueratara laguntzea (kiroldegia, liburutegia, kultura…), haurrei laguntzea eskolara bidean dauden oinezkoentzako pasabideetan.
- Natura guneak mantentzeko brigada (4 kontratu): ibaien ertzak garbitzea eta landare inbaditzaileen hedapena mugatzea. Bide naturalen sarea eta natura guneen mantentze lanak. Funtzioak: pilatutako zaborra ateratzea, landare inbaditzaileak kontrolatzea, zuhaitzak landatzea eta inaustea, landa eremuan lurrak moztea, bide naturalen sarea mantentzea, baratze parkea mantentzea.
- Lorezaintza indartzeko brigada (3 kontratu): lorategien mantentze lanak indartzeko lanak, zuhaitzak landatzea eta abar.
- Eraikinak garbitzeko errefortzu-brigada (4 kontratu): Covid-19ak eragindako garbiketa-behar puntual berriei aurre egitea. Funtzioak: udal-eraikinen garbiketa bereziak.
Gainera, Udaltzaingorako informatikako laguntzaile bat kontratatu da tresna informatiko bat ezartzeko eta Udal Euskaltegirako beste teknikari bat, Moodle plataformaren kudeaketa-lanak egiteko. Bi kasuetan, kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da, 2021eko azaroaren 30etik 2022ko azaroaren 29ra, biak lanaldi osokoak. Bi emakume hautatu dira, programak eskatzen duen bezala, 30 urtetik beherakoak direnak eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenak. Bi lanpostuen kostua 90.111,19 eurokoa da, % 51 Lanbidek finantzatzen du eta gainerako % 49 Arrasateko Udalak. Ekimenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso du, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez, ‘Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du’ lelopean.