Udalak 146 bizikletentzako aparkalekuak eta bizikletak konpontzeko 3 gune berri jarri ditu
2024/10/21
Mugikortasun Jasangarrirako Planerako parte hartze prozesua egiten ari diren honetan, dagoeneko Arrasateko Udalak aurreratu ditu ohiko bizikletentzako 138 aparkaleku berri eta 8 aparkaleku berri kargako bizikletentzako. Guztira 73 arku jarri dira, eta, hauek, 11 aparkaleku-gune berri sortuko dituzte. Bihar amaituko dituzte lanak.
“Mugikortasun planaren prozesua amaitu ez bada ere, garbia da bizikletaren erabilpena sustatzea dela Plan honen helburu nagusienetako bat. Horregatik, herrian zehar zeuden bizikleta aparkalekuen gabezia azterketa egina geneukan. Jasota zeuden ere herritarrek egindako hainbat eskaera. Horri erantzunez erabaki da 73 arku horien kokapena” adierazi du Udal Gobernuak. Era berean, adierazi dute, 146 bizikletentzako aparkaleku berri horiek jartzea guztiz bateragarria eta osagarria dela parte-hartze prozesuarekin, “aurreikusten baita legealdian zehar bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea”.
Bizikletak aparkatzeko 11 gune berri
Egun existitzen diren bizikleta aparkalekuei, 11 gune berri gehituko zaizkie aurrerantzean. Lanak hilabete amaieran amaituko dira. Jarraian gune berri horien kokalekua:
- Erguineko eskola
- MU Gautxori
- San Andres Berri - Cordoba y Oro
- Dr. Bañez kalea
- Juanito Artzamendi Musika Eskola atzean
- 17 emakume- Bedoñabe
- Euskal Herria plaza - Elma
- Seber Altube plaza
- Gernika ibilbidea (Musakolako 2. igogailuaren inguruan)
- Zerkaosteta, Iturbide egoitzaren ondoan
- Ignazio Zuloaga
Bizikletak konpontzeko 3 gune berri
Bizikletak konpontzeko 3 gune autogestionatu berri jarriko dira. Unitate hauek bizikletak konpontzeko ohikoak diren erremintekin hornituta egongo da. Horien artean daude:
- Gurpilentzako puzgailua
- Bihurkin laua.
- Philips motako bihurkina.
- 2 palanka pneumatikoen estalkietarako.
- Allen motako 6 giltza hexagonaleko sorta (2½, 3, 4, 5, 6 eta 8).
- Giltza ingelesa (6 hazbete 150 mm).
- 13/15eko giltza laua.
- 8/10eko giltza laua.
Erreminta horiek 5 mm-ko altzairuzko kablearekin lotuta egongo dira, lapurretak ekiditeko, eta barruan sistema erretraktila izango dute, tresnak erabiltzen ez direnean kablea jasotzen dela bermatzeko.
Bizikletak konpontzeko 3 guneak honako hauek izango dira:
- Musakolako kiroldegia
- Bedoñabe eskola ondoan
- Juanito Arzamendi Musika Etxeaaren atzekaldean
Zamalanetarako bizikleta aparkalekuak
Bizikleta aparkaleku berri hauetako hainbat eremutan aurreikusi da zamalanetako bizikletak uzteko tokia gordetzea, bizikleta handiagoak baitira. Kokaleku hauek lurrean margotutako piktograma batekin adieraziko dira.