Arrasateko Udalak 1,1 milioi euroko inbertsioa egingo du Mojategin uda honetan: atletismo pista berritzea eta argiztapen sare eraginkorra eta jasangarria jartzea

2024/07/17
Card image cap
Lanen helburua da Mojategiko gunea berritu eta modernizatzea. Etorkizunean, Mojategi Musakolako kiroldegi berrian integratuko da.

Mojategiko bi instalazioren berrikuntza lanak aste honetan hasi dira, eta aurreikusten da uda osoan luzatzea. Inbertsio eta esku hartze proiektu bi badira ere, biak Mojategiko kirol instalazioetan kokatzen dira, Musakolako kiroldegian.

“Mojategin dauden kirol instalazioak etorkizuneko kiroldegian integratuko dira, eta horregatik, eguneratze eta mantentze inbertsioak egin ditugu bertan azken bi urteetan. Hain zuzen, lanen helburua da  atletismo pista berritzea eta argiztapen sarearen sistema eraginkor eta jasangarri batera igarotzea. Modu horretan, Musakolan ditugun kirol azpiegiturak berritzen joango gara gutxika-gutxika. Uda honetan Mojategin egingo den inbertsioa, guztira, 1.111.175,40 eurokoa izango da” adierazi du Mikel San Miguelek, kiroletako zinegotziak. Aurreikusita zegoen lanak udan egitea, kirol taldeen etenaldia aprobetxatuz, eta eguneroko jardunean eraginik ez izateko.

Efizientzia energetiko eta ekonomikoaren bidean

Mojategi efizientzia.JPG

Mojategin zortzi argi dorrez osatutako argiteria sistema dago, batak futbol zelaia argiztatzen du, eta, besteak, errugbi eta atletismo pistak. Mojategik sistema alojeno zaharkitua du, horrek susposatzen duen kontsumo energetiko eta ekonomiko handiarekin. Horregatik, lan hauekin, sistema zaharra kendu eta LED sistema berria jarriko da. Sistema berriak aukera emango du argia erregulatzeko, erabileraren arabera egokitzeko.

“Mojategiko argiteriak indar handikoak dira, eta Arrasaten energia gehien kontsumitzen duten instalazioak dira, guztira 305.000 kwh urtean. Aldaketarekin kontsumoaren erdira pasatuko da, eta urtean 20.000 € aurreztuko dugu. Gainera, trantsizio energetikorako aldaketa garrantzitsua izango da eta CO2 gutxiago isurtzen lagunduko du” adierazi dute. Lanak Tecuni enpresak egingo ditu datozen 8 asteetan, 361.602,81 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Atletismo pista berritu barik 2007tik

Mojategi pista.JPG

Mojategiko atletismo pistak 17 urte ditu, eta ordutik berritu barik zegoen. Helburu nagusiena izango da soladura eta ekipamenduak berritzea, araudiari egokitzeko. Aurreikusten da aste honetan hasi berri diren lanak 12 astean amaitzea, 749.572,59 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. Lanak Obras y Pavimentos SA enpresak egingo ditu.