Udal Gobernua eragile eta alderdiekin bildu da Udalatxeko gurutzearen inguruko informazioa partekatu eta adostasunak lortzeko
2024/10/16Larunbat goizean gurutze gabe agertu zen Udalatx. Honek erreakzio ezberdinak izan ditu herrian, eta, Arrasateko Udalak, egunean bertan iragarri zuen gurutzearen desagertzea ikertuko zuela.
Emaitza ziurrik ez ikerketan
Udaltzaingoak ikerketa bat jarri zuen abian gertatutakoaren berri izan zuen une berean eta, aste honetan zehar, ikertzen jarraitu dute. Udal ordezkariek azaldu dutenez, “ikerketa ez da ari ematen emaitza ziurrik, izan ere, gurutzea zegoen ingurua garbi agertu da, eta ez dago gurutzearen zantzurik. Gainera, kokapenak eta gauez egin izanak testigu presentzialen falta ageria ekarri du”.
Gurutzea ezingo da berriz eraiki, gune babestua delako
Arrasateko Udalak natur gune bezala babestu zuen Udalatx 2016 urtean, eta, ordutik, ezinezkoa da eraikuntza lanak egitea bertan, hain zuzen, honako hau dio 164. artikuluak (Udalatxeko eremuari buruz aritzen den artikuluan): “Ezin da eraikin edo instalazio berririk egin, ezta zinegetika-jarduerarekin lotutakorik ere”, eta, matizatzen du, “Babestutako lurzoru horretan kokatu behar diren interes publikoko eraikin, instalazio eta azpiegiturak, betiere, Udalatxeko eremu babestua balioesteko jarduerak garatzeko helburu bakarra badute”.
Legearen helburua gunea babestea denez, Udalak ez du aurreikusten gurutze berri bat eraikitzea Udalatx mendian.
Eragile eta alderdiekin elkarlan bilerak
Astelehenean bertan deitu zuen Alkateak Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztien bozeramale batzorde berezia gaiaren inguruko informazioa elkarbanatzeko. Bertan alderdi guztiei jakinarazi zitzaien zein egoeratan aurkitzen zen ikerketa, eta Gobernuak eskatutako txosten teknikoak.
Gaur, asteazkena, Besaide Mendi Elkartearekin bildu da Alkatea, gaia lantzeko asmoz. Aipatutako informazio guztia partekatu eta Udalaitz babesteko beharraz ados agertu dira alde guztiak.
Arrasate Zientzia Elkartearekin eta mendiari lotutako beste elkarte batzuekin ere hainbat hartu eman izan ditu Udalak.