Udal Bibliotekaren 2025 urteko memoria

2025/04/01
Card image cap
Urtero bezala, udal bibliotekak 2024a datu garrantzitsuenak bildu eta zuekin partekatzea nahi ditu. Bertan jasotzen dira bibliotekaren etorkizun aberasgarriago baterako bidea markatzen diguten funtsezko ekitaldiak, abian dauden proiektuak eta gogoetak.

BAZKIDEAK: Arrasateko biztanleriaren % 64a bibliotekako bazkidea da, iaz baino lau puntu gehiago. Guztira 14.075 bazkide ditugu.

KULTURATEKO BILDUMA 70.085 dokumentu ditu eta Santa Marinako auzo bibliotekan 7.198 dokumentu. Arrasateko Udal Bibliotekak guztira 77.283 dokumentu ditu.

MAILEGU-ZERBITZUA: 2024.urtean liburuen mailegua igo da eta, % 10a igo da ( iaz %4a igo zen). Kulturaten 41.488 liburu, disko, aldizkari eta bideo mailegatu genituen. Santa Marina auzoko bibliotekan 2.504 dokumentu mailegatu ziren.

Euskadiko Irakurketa Sare Publikoak eLiburutegia plataforma digitala eskaintzen du. Honen bidez, maileguan hartu daitezke liburu elektronikoak, online pelikulak, audio liburuak eta aldizkari elektronikoak. 2024an %23a igo da eLiburutegiko mailegua eta EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerrietan Arrasate lehen postuan dago. (ikusi 14. orrialdea)

IRAKURLEEN GUSTUAK: Liburuen aukeraketan irakurleen gustu eta generoei dagokienez iazko joera errepikatzen da: haur eta gazteek euskaraz irakurtzen dute gehien bat eta helduek gaztelaniaz. Helduen generorik gustukoena intriga eta nobela beltza da (gaztelaniaz) eta euskal irakurleak denetik irakurtzen du (eleberria nagusi). Haurrek album ilustratuak eta ipuin klasikoak aukeratzen dituzte irakurtzeko eta gazteek komikiak batez ere. Harrigarria da komikia zenbat igo den gazteen artean.

ZERBITZUEI BURUZKO BALORAZIOA: 2024. urtearen hasieran, galdetegi bat jarri genuen martxan gure erabiltzaileen artean, eskaintzen ditugun zerbitzuei buruz dituzten iritziak ezagutzeko. Besteak beste, hauek dira ondoen baloratutako zerbitzuak:

-Eskaerak azkar erantzuten ditugula, eta gehienetan modu positiboan, hau da, eskatzen dizkiguten dokumentuak edo erosi edo beste biblioteka batzuetatik ekartzen ditugula.

-Literatura solasaldiak ere oso ondo baloratzen dira. Aipatu behar da gure bibliotekan 4 talde ditugula baina bibliotekatik kanpo 6 irakurle talde daudela herrian. Guztira 10 irakurle taldeekin lankidetzan gabiltza ( ikusi 17. orrialdeko zerrenda)

-Animazio jarduerak: haur txiki-txikientzako ipuin kontaketak, tailerrak eta lehiaketak dira arrakastatsuenak. Herriko ikastetxeei ematen diegun zerbitzua ere oso ondo baloratzen dute.

-Ordenagailu eramangarrien zerbitzua, iaz martxan jarri genuen eta aurten sendotu da: 7 ordenagailu ditugu erabilgarri eta 141 aldiz mailegatu dira.

-Oraindik balorazio orokorra egiteko dagoen arren, ondo baloratzen dugu Ikasteko Gelaren irekiera, orain arte 350 txartel banatu ditugu.

Azkenik, 2025. urte honetako erronka nagusien artean, Santa Marina auzoko liburutegia handitzea dago, gure erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko gune gehiagorekin.

 

Informazio gehiago web orrian:

Memoria 2024:

https://www.arrasate.eus/eu/web/biblioteka/biblioteka-erabili/txostenak