Udako konponketak herrian zehar
2019/07/30Arrasate herri eroso eta atseginagoa eraikitze aldera, Udalak etengabe jarraitzen du lanean eta oraingoan, uda sasoia aprobetxatuz, hainbat berrikuntza eta hobekuntza lan burutu ditu herrian zehar.
Herrian zehar dauden harrizko hainbat eserlekuetan egurrezko taulak jarri dira, eserleku horiek erosoagoak egiteko. Lan horietara bideratu dira 17.849€ eta hain zuzen Itxaropena eta Garibaiko eserlekuetan (sindikatuen etxeen aldean daudenak), San Andres auzokoetan (Dr. Bañez eta Kurtzetxiki), Biterikoetan eta Bedoñabeko patioan daudenetan jarri dira aipatu egurrezko taulak.
Azken eserleku horietan egindako inbertsioak, Bedoñabekoak, alegia, Udalak hezkuntza alorrean egindako inbertsioen baitan jasoak daude. Izan ere, hezkuntza eta etorkizuna estuki lotuta daude, hain zuzen hezkuntzak eragin zuzen eta positiboa duelako haur zein gazteen heziketan. Horren jakitun izanik, Arrasateko udal gobernuak apustu irmoa egin du herriko hezkuntza arloa indartzearen alde eta bide horretan, esaterako, eserlekuez gain, Bedoñabe Herri Eskolako gela eta pasilloak ere margotu dira. Lan horietara bideratu dira, hain zuzen, 41.127,90€ eta Ramel Reformas S.L. izan da berrikuntza horiek burutzearen arduradun.
Lan horiekin batera, aipagarriak dira ere hezkuntza arloan Udalak orain arte egindako gainerako inbertsioak, hala nola: Institutuko, Erguineko, Bedoñabeko, edo Arizmendi Ikastolako hiru eraikinetako (Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresa) eskola patioen horniketa, ferixalekuko teilatuaren konponketa edota San Andres auzoko Herri Eskolako aurrealdearen (fatxada) margoketa, besteak beste. Lan horiekin eta orain arte egindako gainerakoekin, Udalaren helburua da, hezkuntza arloa indartzeaz gain, herriko haur, gazte zein nerabeei, haien beharretara egokitutako azpiegiturak eta formazio zein heziketa aukerak eskaintzea.