Arrasateko Udalak 'udaberriko turismo eskaintza' liburuxka argitaratu du.

2024/03/19
Card image cap
Bisita historiko-kulturalak, mendi ibilaldiak eta bestelako eskaintzak jaso ditu eskaintza eskuorrian. Egitasmo guztiak egingo dira martxo amaieratik ekain amaierara.

Arrasateko Udalak udaberriko turismo eskaintza eman du ezagutzera aste honetan. Eskaintza zabalik dago adin guztietako pertsonentzat, eta tartean daude familian egin daitezkeen planak.

Turismo eskaintzan hiru atal nagusi aurkitu daitezke: bisita historiko-kulturalak, mendi ibilaldiak eta bestelako eskaintzak, besteak beste, kirolari, kulturari eta jaiei lotutakoak.

Bisita historiko-kulturalak Aste Santuko opor egunetan

“Arrasate hiribildu bizia” bisita gidatuak eskainiko dira martxoaren 28 eta 29an, eta apirilaren 20an. Bisita entretenigarriak eskainiko dira, herriko ondare historiko kulturala eta Arrasateko ondare eta jatorri industriala ezagutzeko. Aukera egongo da hemengo jaien eta ohituren kontakizunak, eta Arrasateko pertsonaia famatuen bizipenak entzuteko.

Bestetik, Arrasateko industria ondarearen bisita gidatuan, ikusiko da industrializazioak XX. mendean utzitako hirigintza iraultza berriaren eragina, hainbat eraikin eta istorio ezagutuko ditugu. Bisita martxoaren 30ean izango da.

Mendi ibilaldiak

Udaberriko eskaintzan, inguratzen gaituzten mendietara irteerak egitea jasotzen da. Aukera dago irteera guztiak familian egiteko, txikienek ere naturaz goza dezaten.

Martxoaren 31n bisita egingo da Arrasateko auzoetara, Aste Santuko opor egunetan hori ere. Ibilbide horretan mendiz lotuko dira Meatzerreka, Udala eta Garagartza auzoak, “Arrasateko bira” ibilbidea jarraituz.

Apirilaren 21ean Murugaini bira egingo zaio, aipatutako mendiari buelta emanez Untzillan eta Suñan zehar.

Maiatzaren 5ean Bakue-Kortaburu-Etxezarreta ibilbidea egingo da. 10,5 km-ko ibilbidea da, eta Arrasate eta Oñati arteko mugan zehar Kortaburu (484 m) tontorrera igoko da lehenengo, eta gero Etxezarreta parkera jaitsi eta herrigunera itzuli.

Maiatzaren 19an Udala-Gongetako Meatza-Besaide ibilbidea egingo da. Ibilbide horretan, Gongetako meatzeak bisitatuko ditugu, antzinako burdin meatzeak. Handik Besaidera joango gara, eta han hildako euskal mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua ikusiko dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mugek bat egiten duten tokian.


Santagedaatx irteera egingo da ekainaren 2an. Erraz egin daitekeen ibilbide honetan, Gesalibar auzoaren gainean dagoen Santagedaatx tontorra (414 m) igoko dugu.

Azkenik, ekainaren 16an, Bedoña-Larriño ibilbidea egingo da. Ibilbidea errege bidetik doa, Asuelatik pasatuz Bedoña auzora. Hemendik Zubillaga aldera jaitsiko da Uretsako iturrietara, eta gero, Larriño auzoa igaroko du Bedoñara itzuliz. Hemendik herrigunera jaitsiko da.

Bestelako ekintzak

Bestelako ekintza zabalak jaso dira udaberriko turismo eskaintza honetan. Besteak beste, kirol lehiaketak (Arrasate-Udalatx, Musakolako BTT martxa, Rugbi txapelketa edo Enduro), auzoetako jaiak, azokak edo eta egun bereziak, eta, azkenik, kultura eskaintzak, hala nola dantzari eguna, Debagoieneko trikitixa eguna, klarinete topaketa eta musikaldia.

Izen emateak

Bisita historiko-kulturalak eta mendi ibilaldiak doakoak izango dira, eta izena eman beharko da izenemateak.arrasate.eus atarian, BAZen edo 943 25 20 00 telefonoan.

Deskargatu hemen Udaberriko Turismo Eskaintzaren liburuxka.