Uda iritsi da Arrasatera

2022/06/02
Card image cap
Zabalik daude Santa Barbarako eta Villa Amparoko ur parkeak. Ordutegia hau izango da: 10:00etatik 20:00ak arte (lanegunetan, asteburuetan eta jai egunetan). Ur parkeak irailaren amaiera arte egongo dira erabilgarri

Uda sasoia iritsi da Arrasatera: dagoeneko zabalik daude Santa Barbarako eta Villa Amparoko ur parkeak, eta igerileku estaligabeak ekainaren 18an zabalduko dira.

Ander Garay zinegotziak nabarmendu du “Arrasaten ere badago aukerarik udaz gozatzeko: ur parke bi dagoeneko martxan eta aste bi barru zabalduko dugu udako igerilekuen denboraldia. Herrian bertan bada zer egin txikienekin gozatzeko, eta aukera dago uda bera ederto bizitzeko”.

Ur parkeak erabilgarri egongo dira irailaren amaiera arte

Ur parke bien ordutegia hau izango da: 10:00etatik 20:00ak arte (lanegunetan, asteburuetan eta jai egunetan).

Iaz inauguratu zen Villa Amparoko ur parkea eta duela bi urte Santa Barbarakoa. Santa Barbarako ur parkeak 21 joko ditu, adin guztietako herritarrek erabili ahal izateko. Iaz egunero 100 pertsonatik gora ibili zen parkean.

Villa Amparoko parkea Santa Barbarakoa baino handiagoa da. Ur txorro gune bi ditu: alde batetik, bidegorritik gertuen dagoen gunean 18 jolas, 4 urtetik gorakoentzat. Eta, bestetik, Etxetxikietatik gertu dagoen gunea haur txikientzat da, bi zirkuiturekin.

Ur parkeak ireki ahal izateko, Arrasateko Udalak hainbat lan egin ditu: ur jolasak jarri, deposituak eta filtroak hustu, ur zirkuitua garbitu eta desinfektatu, instalazioa berriro urez bete, filtrazioa eta arazketa martxan jarri, laborategi ziurtatu baten bidez uraren laginak hartu eta beharrezko analitikak egin.

Hilean behin uren analisiak egiten dira eta uda sasoian Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoak hainbat ikuskapen egiten ditu.

Igerileku estaligabeak ekainaren 18an zabalduko dira

Igerilekuari dagokionez, kanpoko igerilekuak ekainaren 18an zabalduko dira, 09:00etatik 21:00ak arteko ordutegian, eta zabalik egongo dira irailaren 18ra arte.

Pandemia aurreko egoeran zabalduko dira, hau da, ez da egongo, ez txandarik, ez afororik. Udako abonua egin ahal izango da, prezio hauekin:

  • 18 urtetik behera: Arrasaten erroldatuak 41,70 euro, eta ez erroldatuak 50,10 euro
  • 18 urtetik gora: Arrasaten erroldatuak 70,10 euro, eta ez erroldatuak 84,20 euro
  • Familiarra: Arrasaten erroldatuak 112 euro, eta ez erroldatuak, 134,40 euro

Sarrerak eta 10eko bonoak ere salgai egongo dira, prezio hauetan:

  • Eguneko sarrera: 18 urtetik beherakoak 3,50 euro, eta 18tik gorakoak 6,20 euro
  • 10eko bonoak: 18 urtetik beherakoak 28,50 euro, eta 18tik gorakoak 56,80 euro