Arrasateko Udalak Uarkaperen 25. urteurrenaren egitaraua aurkeztu du

2024/05/29
Card image cap
Ekainetik abendura bitarteko egitaraua antolatu du, eta pilota, kultura eta gimnasia uztartu.

25 urte beteko dira abenduan Uarkape pilotalekua inauguratu zenetik, eta 25 urteko ibilbidea ospatzeko, Arrasateko Udalak egitarau berezia aurkeztu du. Ekainean hasi eta abendura bitartean hainbat ekintza antolatu du, eta pilotalekuak jaso izan dituen eragileak eta modalitateak jasoko ditu.

25 urte abiapuntu berri baterako

25 urteren ondoren mantentze lanak egin zituzten martxoan, eta frontoiak itxura berria hartu zuen. “Mantentze lanen ostean, berde kolore batetik more kolore batera igaro zen frontoia, eta hori bera islatu nahi izan da kartelean” adierazi du Maider Morras alkateak.

Urteurren jaialdi honekin batera, frontoiari “bizitza eman” nahi dio udalak. “Abiapuntua Emakume Master Cup-eko finala ospatzea izan zen, eta gaur hemen aurkezten dugun egitarauarekin osatu nahi izan duguna. Urteurrena ospatzeko egitarau berezia bada ere, aurrerantzean frontoiak bizi gehiago hartzea nahi dugu. Gabonetako pilota partiduaz gain, bestelako ekimenak antolatu ahal izatea”. Horretarako, egitarau hau lehen urratsa izango da, “erantzun positiboa badu, programazioan sakontzen jarraitzeko ahalegina egingo dugu. Kirol azpiegituren hobekuntza eta berrikuntza ezinbestekoa da Arrasaten, baina hori bezain garrantzitsua da kirol komunitatea zaindu eta elikatzea” adierazi du alkateak. Azkenik, nabarmendu du Uarkapeko gimnasioaren ordutegia ere luzatu dela 2024 urte honetan.

Ekainetik abendura bitarteko egitaraua

Mikel San Miguel kiroletako zinegotziak egitarauaren berri eman du; “Uarkape Pilotalekua pilotariek erabiltzeaz gain, bestelako sektore eta kirol diziplinek ere erabiltzen dute; horregatik, guztien erakusgarri izan daitezkeen ekimenak programatu ditugu”. Honako hauek dira hilabetez hilabete programatutako ekintzak:

Ekainaren 21ean, San Fermin Torneoaren 4 ½ Final Zortzirenak jokatuko dira Uarkapen. Artola eta Zubizarreta III pilotariek jokatuko dute partidu nagusia. Aurretik, Agirre /Albisu eta Laso / Aranguren arteko binakako partida jokatuko da. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.entradasfronton.com webgunean, eta egubakoitz honetan, hilak 31, Monte eta Buenuena tabernetan jarriko dira salgai.

Uztailaren 19an herriko pilotarien txanda izango da. Arrasateko Pilota Taldeak antolatuta, Pilota Jaialdia egingo dute. Infantil mailan Peru Orue (Arrasate) eta Alain Urien (Arrasate) norgehiagoka arituko dira Danel Zubia (Arrasate) eta Ibai Osoren aurka (Aramaio). Afizionatu mailan, bere aldetik, Ander Murua (Arrasate) eta Aitor Elizegi (Zegama) norgehiagoka arituko dira Beñat Azkarate (Zegama) eta Endika Uriondoren aurka (Lea Artibai). “Hemen, aipamen berezia egitea Ander Muruari, pilotari arrasatearrari, izan ere, Murua, Gipuzkoako, Euskal Herriko, Espainiako eta munduko txapelduna baita afizionatu kategorian” aipatu du Iker Zugastik, Arrasateko Pilota Taldeko zuzendaritzako kideak.

Abuztuko etenaldiaren ondoren, irailaren 14an, Erremonte partidua izango da. Maiatzean iragarri bezala, aurten lehendabizikoz, Arrasatek ‘Erremontari Herriz Herri’ jaialdian parte hartuko du. Jaialdiaren helburua da erremontea ezagutzera ematea eta Euskal Herriko herrietatik bira egitea. Jaialdi bakoitzean partida bi jokatuko dira set formatuan, eta sarrera doakoa izango da. “Ekimena ‘Kirola Herrira’ ekimenaren barruan egongo da eta, gaur gaurkoz, ezin dira jokalariak nortzuk izango diren aurreratu, baina seguru gaude partidu ederra izango dela” adierazi du San Miguelek.

Urriaren 26an kultura eta kirola uztartuko dituen ekimena izango da: “Bertsopilota Jaialdia”. Lau pilotarik eta bi bertsolarik parte hartuko dute, azken hauetako bat Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearra izango da, eta, berarekin, Amets Arzallus Antia izango da. Pilotariei dagokienez, Jon Erasun eta Mikel Goñi izango dira profesional mailako partida jokatzen, eta lehen mailako bi pilotari afizionatuen artean Iker Urmeneta eta Ander Murua izango dira norgehiagoka. Pilota partidan zehar bertsolariek umorez pilotariak aholkatuko ditu partida irabazi dezaten. Pilotariek, bere aldetik, ardura izango dute partida erakargarria egiteko.

Azaroaren 23ra salto eginez, kirol diziplinaz aldatu, eta Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldeak erakustaldia eskainiko du. Herriko gimnasten eskutik izango da hori.

Egitarauarekin amaitzeko, abenduaren 22an, Santamasetako Eskuz Binakako Pilota Txapelketa izango da. Gaur gaurkoz ez dago zehaztuta zein pilotari etorriko diren Uarkapeko frontoira, baina Santamas jaiak gerturatu ahala emango da ezagutzera kartela.

Begirada bat 1999ko abendura

Uarkape pilotalekua 1999ko abenduaren 21ean inauguratu zuten, orduan Xabier Zubizarreta “Txiron” alkate zela. Aurretik, baina, eraikuntza prozesua luze eta ezustekoekin joan zen, Maider Morras alkateak gogoratu duen bezala. “Uarkape frontoiaren atzean dagoen maldak arazo asko eman zituen. Oso ezegonkorra zen, eta azterketa eta interbentzio ugari egin behar izan ziren malda egonkortu arte. Gaur egun erabilera anitzeko espazioa dugu eraikin honetan, mantentze lanei esker eraberrituta”.

Uarkape 25 urteurrena kartela