Uarkapen 246 panel fotovoltaiko jartzeko lanak hasi ditu Arrasateko Udalak

2025/01/29
Card image cap
Trantsizio energetikoan urrats berria dela adierazi dute, eta, bertan sortutako energia, Udal eraikin ezberdinetan erabiliko da.

Uarkapeko frontoiko eraikinaren sabaian 246 panel fotovoltaiko jartzeko lanak hasi ditu Arrasateko Udalak. Instalazio berri honek, 137,76 kW-ko eremu fotovoltaikoa sortuko du, “modu praktiko batean ulertzeko, instalazioak 140.000 kwh-ko ekoizpena emango duela kalkulatzen da, 46 etxebizitza inguruk kontsumitzen duten energia ekoizpena izango litzatekeena” adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.

Udal eraikinetarako energia iturri

Bertan sortuko den energia guztia Udal eraikinen kontsumora bideratuko da, batez ere Uarkape frontoia, eta inguruan dauden Azoka, Amaia Antzokia, Kulturate edo eta argiteria publikoa.

Horretarako, eguzki-panelerako inbertsorea edo inbertitzaile fotovoltaikoa ezarriko da, “autokontsumorako instalazio baten elementu garrantzitsuenetako bat”. Inbertsore horrek, plaka fotovoltaikoetan jasotako energia, energia erabilgarri bilakatzen du. Behin energia erabilgarria dela, eraikin publikoetara bideratuko da kontsumorako.

Beraz, Uarkape frontoia energiaz hornitzeaz gain, inguruko Udal eraikinak ere hornituko ditu, besteak beste Azoka, Kulturate, Amaia Antzokia eta argiteria publikoko hornidura bat. Hori posible egiteko, 180 mm azalera duten kableatua bideratuko da Azokako hornidura puntura, eta bertatik zabalduko zaie energia aipatutako eraikin publikoei, gaur egun dagoeneko erabilgarri dagoen hornidura sistemaren bitartez.

Energia eredu jasangarria

“Ezinbestekoa dugu trantsizio energetikoan aurrera urratsak ematea, eta energetikoki jasangarriak diren sistemetara jauzi egiten jarraitzea. Uarkapeko plaka fotovoltaikoak jasangarritasunaren bidean kokatzen gaitu” adierazi du Urteagak.

Halaber, adierazi du, honelako esku hartzeak, “bestelako neurri eta erabakiekin batera” lotuta joan beharra dutela. Izan ere, aurrerantzean egingo diren azpiegitura guztiek “irizpide jasangarriak betetzea ezinbestekoa izango da”, energia kontsumo arduratsua eginez.

4 hilabetetako lanak

Plakak jarri ahal izateko, hainbat lan burutu beharko dituzte lehenago. Esaterako, lehen urratsa, plakak eutsiko dituen egitura instalatzea izango da. “Gaur gaurkoz lan hori burutzen ari dira, eta ondoren etorriko dira plakak”.

Behin plakak instalatuta, moduluak elkarrekin konektatuko dira, serie elektrikoen planoari zorrotz jarraituz. Honako hau, “lan delikatua” dela adierazi dute, “konexioak ondo eginak egotea ezinbestekoa izango baita energiaren aprobetxamendurako”.

Lanak egiteko aurrekontua 110.924,12 eurokoa (BEZ barne) izango da, eta Iniciativas de Tecnología y Sostenibilidad SL enpresak burutuko ditu.

Uarkape eguzki plakak simulazioa.jpg

Uarkape eguzki plakak 2.jpg